Gizartea -
Bularreko minbizia
Erradioterapia 42 egunetik 5era murrizten du teknika berri batek
Minbizia goiztiardun gaixoak bakarrik artatu ahal dira sistema honekin, baina erradioterapia tradizionalaren emaitza bertsuekin eta albo-ondorio txikiagoekin.
Erredakzioa
Bularreko minbiziak jotako gaixoek teknika berri bat, irradiazio bizkortu partziala, dute orain eskura. Sistema berri honek erradioterapia iraupena 6 astetik 5 egunera murriztea ahalbideratzen du, Bartzelonako Mar eta La Esperanza erietxeetako onkologoek jakinarazi dutenez.
'International Journal of Radiation Oncology' aldizkari entzutetsuan ikerketa plazaratu dute ospitale honetako bi medikuk, eta 5 urtez tratamendu tradizionalarekin eta irradiazio bizkortu partzialarekin artatutako gaixoen egoera konparatu dute.
Erradioterapia tradizionala sei astez aplikatzen da ebakuntza egindako bularreko eremu guztian; irradiazio bizkortuaren teknika berriarekin, berriz, operatutako ehunetan bakarrik ematen da, eta bost egun irauten du tratamenduak.
"Biziraupen, berreritze eta emaitza estetikoetan antzeko emaitzak dituzte bi teknikok baina iraupena askozaz txikiagoa da irradiazio bizkortu partzialaren kasuan" agertu du Manel Algara Mar eta La Esperanza erietxeetako Onkologia buruak. Azaldu duenez, "irradiazio bizkortu partzialaren albo-ondorioak eta osasuntsu dauden ehunetan egiten den erradiazioa txikiagoak dira eta irradiatutako ehunetan ez da horrenbeste elastikotasun galtzen".
Ezberdintasunak
Bular guztiaren irradiazioa edo irradiazio tradizionala egunero aplikatzen da hilabete eta erdiz. 10 minutu irauten du saio bakoitzak eta gaixoak egunero joan behar du osasun-zentrora, 6 astez.
Irradiazio bizkor partzialak, berriz, astebetean ematen da eta eguneko dosia handitu daiteke, tratatutako eremua txikiagoa delako. Gaixoak egunean bi aldiz joaten dira erietxera, 10 minutuko saioa jasotzera.
Onkologoen iritzian, erradioterapia ematen duten zentro gehienek eskaini dezakete teknika berri hau. Hori bai, gaixo goiztiarrek (bularreko minbiziak jotakoen %10-20) bakarrik dute eskura tratamendu hau.