Gizartea -
Goi-bilera Madrilen
Espainia eta Frantzia lotuko dituen AHT, martxan abenduaren 15ean
Trenak Bartzelona eta Paris sei ordu eta 20 minututan lotuko ditu. "Inaugurazioa handia" izango dela aurreratu du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak.
Erredakzioa
Abiadura handiko trenak Espainia eta Frantzia aurreneko aldiz lotuko ditu abenduaren 15ean, AHTk Bartzelona eta Paris lotzen dituenean, Francois Hollande eta Mariano Rajoy Frantziako eta Espainiako presidenteek goi-bileran adostu dutenez.
Trenak Bartzelona eta Paris sei ordu eta 20 minututan lotuko ditu. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak aurreratu duenez, AHT lotura berriak "inaugurazio handia" izango du.
"Lorpen historikoa da Frantzia eta Espainia lotzeko lanean", adierazi du Rajoyk. "Espainiarrak eta frantziarrak gehiago hurbilduko ditu, eta baita Espainia eta Europa ere", erantsi du prentsaurrekoan.
"Lorpen handia da; izan ere, bi herrialdeetako tren sareak lotuko diren aurreneko aldia da", azpimarratu du Hollandek. Proiektua bukatzeko 20 urte behar izan dituztela gogorarazi du Frantziako buruzagiak.
"Katalunia Espainia eta Frantzia lotzeko ardatza da", Rajoyren hitzetan.
Bartzelona-Perpignan tarteko lanak bukatu bezain laster Bartzelona-Paris lotura martxan jarriko dute. Herrialde mugakideen arteko lotura (Figueres-Perpignan) tunel baten bidez egin dute, Pirinioen azpitik. Tunela aspaldi bukatu zuten.