Gizartea -
Itunpeko ikastetxeak
Bide judiziala ez da konponbidea, Kristau Eskolaren arabera
Ikastetxe erlijiosoetako patronalak negoziazio mahaia eratzea eskatu du, sektorean dagoen gatazka konpontzeko.
Erredakzioa
Kristau Eskola EAEko ikastetxe erlijiosoetako patronalaren iritziz, bide judiziala ez da sektoreko lan gatazka konpontzeko modua, eta sindikatuekin negoziazio mahaia eratzeko borondatea agertu du.
137 ikastetxe hartzen ditu bere baitan Kristau Eskolak, eta guztira 90.000 ikasle eta 7.500 langile ditu. Atzo, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren harira, Kristau Eskolak oharra kaleratu du.
Epaiaren arabera, EAEko itunpeko hezkuntzan 2008-2009rako sinatutako lan-hitzarmenak indarrean jarraitzen du oraindik, eta, beraz, ezingo diete langileei Estatu mailako hitzarmena ezarri. ELA, LAB, CCOO, UGT eta STEE-EILAS sindikatuek helegitea aurkeztu zuten Kristau Eskolaren eta IZEAren kontra, eta epaitegiek arrazoia eman diete.
Patronalak azaldu duenez, lan-gatazka ez da epaitegietan konponduko eta epaia kontrakoa izan balitz ere, egoera ez zela aldatuko gaineratu du.
"Hezkuntza zentroen jasangarritasuna bermatuko duen EAEko hezkuntza hitzarmena sinatu ezean, arazoak bere horretan iraungo du", gaineratu du patronalak.
Hala, negoziazio mahaia eratzeko borondatea helarazi die sindikatuei. Mahai horrek konponbide "arrazionala" eman behar dio lan-gatazkari, eta hezkuntza zentroen jasangarritasun ekonomikoa lortzea eta lanpostuak mantentzea izan behar dute lehentasunak.