Gizartea -
Gertakaria
Prostituitzera behartuta zeuden bost neska askatu dituzte Bilbon
Ertzaintzak bi gizonezko eta emakumezko bat atxilotu ditu. Burdel inprobisatu batean zituzten gordeta jatorri txinatarreko 18 eta 23 urte bitarteko bost neskak.
Erredakzioa
Ertzaintzak jatorri txinatarreko bost neska askatu ditu aste honetan Bilbon, prostituitzera behartuak baitzeuden. Burdel inprobisatu batean zeuden gordeta, eta bertako 'madame'a eta bi gizonezko atxilotu dituzte, horiek ere txinatarrak.
Segurtasun Sailaren iturriek adierazi dutenez, hiru atxilotuak espetxera eraman dituzte.
Ostegunean, 16:30ean, polizia operazio bat jarri zen martxan, eta 18 eta 23 urte bitarteko bost neska askatzea lortu zuen Ertzaintzak. Atxilotuek pasaporteak kendu zizkieten neskei.
Atxilotuei gizakiak sexualki esplotatzeko erabili izana, bahiketa, estortsioa eta mehatxuak leporatu dizkiete.
Iturriek ez dute zehaztu Bilboko zein lekutan izan diren atxiloketak, eta ikerketa poliziala oraindik ere abian dela azpimarratu dute.