Gizartea -
Epaiketa
18 hilabeteko kartzela zigorra eskatu dute Ertzaintzari lapurtzeagatik
Arkauteko Trafikoko egoitzako garbitzaile bat akusatu dute, Ertzaintzari ia 2.600 euro osteagatik.
Erredakzioa
Fiskaltzak 18 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du emakume batentzat, Ertzaintzari 2.587 euro lapurtzeagatik. Zenbait agenteren dirua eta isunetatik bildutakoa ostu zituen akusatuak, aipatutako kantitatera iritsi arte. Ertzaintzaren Arkauteko (Araba) Trafikoko egoitzako garbitzailea zen emakumea.
Fiskaltzaren arabera, lapurretak 2012ko urtarrilean eta otsailean izan ziren.
Epe horretan, emakumeak bere lan orduak aprobetxatu zituen garai hartan Giza Baliabidetako burua zenari 35 eta 50 euro arteko lapurretak egiteko. Guztira, 365 euro ostu zizkion.
Gainera, bi ertzaini 142 euro kendu zizkien, eta Trafikotik, pixkanaka-pixkanaka, isunei zegokien dirua osten hasi zen, 2.080 eurotara iritsi arte. Azken kantitate hori Eusko Jaurlaritzak eskatu du.
Akusatua 2012ko martxoaren 5ean harrapatu zuten, Giza Baliabidetako bulegoan zegoen poltsa batetik 20 euro lapurtzen ari zela. Ertzaintzak amu gisa jarri zuten dirua.
Fiskaltzaren arabera, emakumea lapurreta jarraitu baten egilea da, eta 18 hilabeteko kartzela zigorraz gain, kaltetu dituen pertsonei eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailari ostu duen dirua itzul dezan eskatu du.
Epaiketa datorren astean izango da Gasteizeko epaitegi batean.