Gizartea -
Bizkaian
'Bono Denda' kanpaina astelehenean hasiko da
2014ko urtarrilaren 31ra arte, 20.000 bonu izango dira eskuragai, programan parte hartzen duten Bizkaiko dendetan deskontuak lortzeko.
Erredakzioa
Astelehenetik aurrera abian izango da 'Bono Denda' kanpaina Bizkaian. 20.000 bonu izango dira salgai, eta horiei esker, programarekin bat egiten duten Bizkaiko dendetan deskontuak lortu ahal izango dira 2014ko urtarrilaren 31ra arte.
Kanpaina hau Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioak (CECOBI) antolatu dute, sektoreari babesa eman eta Gabonetan eta neguko beherapenetan kontsumoa bultzatzeko.
Iazko edizioan 1.459 dendak parte hartu zuten kanpainan eta 1,6 milioi euro lortu ziren salmentetan. Cecobiren aburuz, "gutxienez hirukoiztu" egingo dira 'Bono Denda'rekin bat egingo duten saltokiak.
'Bono Denda' Bizkaiko herri eta hirietako denda txikietan erosketak egiteko bonua da. Aldundiaren 10 euroko diru-laguntza jasotzen du bonu bakoitzak; beraz, 40 euro balio dituen arren, 50 euroko erosketak egin daitezke berarekin.
BBKren edozein kutxazainetan eskuratu daiteke bonua, eta erabilitako kreditu txartel bakoitzeko, bi bonu erosi daitezke gehienez.
Hamar langile baino gutxiago dituzten eta txikizkako merkataritzan ibiltzen diren Bizkaiko dendei zuzenduta dago kanpaina. Saltoki horiek bereizgarri bat izango dute toki ikusgarri batean, erosleek jakin dezaten programarekin bat egiten dutela.