Gizartea -
Erregularizazioa
Milaka produktu homeopatiko baimenduko ditu Osasun Ministerioak
Kalitate eta eraginkortasun kontrola pasatu barik saldu dira orain arte 19.000 bat produktu. Botika gisa erregistratuko dira aurrerantzean.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioa homeopatia produktuak arautzeko eta baimentzeko agindua prestatzen ari da. Duela 20 urte indarrean dagoen xedapen iragankorra ordezkatuko du, El Pas egunkariak Diario Médico argitalpena aipatuta aurreratu duenez.
Erregularizazioaren zain urteak daramatzate produktu mota hau merkaturatzen duten laborategiek. Izan ere, ez dago terapia alternatiboak arautzeko legerik. Baimena zirriborroa da oraindik, baina, horren arabera, produktuen inguruko kalitate, segurtasun eta eraginkortasun txostena aurkeztu beharko dute laborategiek. Medikamentuen eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren oniritzia jasoz gero, botika gisa erregistratuko dituzte.
Hala, zepa bakoitzeko tasa jakin bat ordaindu beharko dute laborategiek, baina, errezeta gabeko medikamentuek bezala, publizitatea egiteko aukera ere izango dute.
Homeopatia terapia alternatiboa da. "Antzekoa antzekoarekin sendatzen da" premisa du abiapuntu, hau da, sintoma jakin batzuk eragiten dituen horrek berak osatzen ditu sintomak, betiere darabilgun dosia txikia bada. Hori horrela, printzipio aktiboen diluzio ehundarrak egiten dituzte produktua prestatzeko.
Komunitate zientifikoak erabat arbuiatu du homeopatia, plazebo efektuaz harago, eraginkortasuna frogatuta ez dagoela argudiatuta. Dena dela, onarpen handia dute herritarren eta hainbat medikuren artean.