Gizartea -
Santiagoko istripua dela eta
Tren gidariek debekatuta izango dute sakelako telefonoa erabiltzea
Halaber, trenetan "kutxa beltzak" jarriko dituztela aurreratu du Ana Pastor Sustapen ministroak.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak debekatu egingo die tren gidariei sakelako telefonoa erabiltzea, larrialdi kasuetan izan ezik, Ana Pastor Sustapen ministroak iragarri duenez.
Pastorrek hainbat neurri iragarri ditu, Europa Pressek antolatutako ekitaldi batean, trenen segurtasuna zorrozteko.
Horren ildotik, trenetan 'kutxa beltzak' jartzea ere onartu du, hegazkinen antzera. Kutxa horiek kabinaren eta ibilbidearen hainbat datu bilduko ditu.
"Akordioa lortu dugu hiru ekoizlerekin, azterketak egiten hasteko; probak apirilaren 30ean bukatuko dira", azaldu du.
Neurriak uztailaren 24an Santiagon (Galizia) jazo zen tren istripuaren ostean etorri dira. Ezbehar horretan, guztira, 80 pertsona hil ziren, eta 100dik gora zauritu.
Trenen liberalizazioa
Bestalde, tren sektorearen liberalizazioa hurrengo urteko lehen seihilekoan hasiko dela aurreratu du Sustapen ministroak. Horren esanetan, gainera, "hainbat konpainia" daude dagoeneko interesatuta.
Pastorren esanetan, tren bidezko garraioa beste hainbat konpainiari zabaltzeak "eskaintza handitzea eta prezioak lehiakorragoak izatea" ekarriko du.