Gizartea -
Gertaera
Berriro ekin diote Ebro ibaian desagertutako gizona bilatzeari
Igande arratsaldean desagertu zen 29 urteko gizonezkoa Lapuebla de Labarcan. Ebro ibaian aurkitu zituzten haren txakurrak, zapatilak eta arropak.
Erredakzioa
Abian dira berriro Lapuebla de Labarcan igandean desagertu zen gizonezkoa bilatzeko lanak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, bilaketa taldeak goizetik hasi dira Ebro ibaian desagertutako mutilaren bila.
29 urteko gizonezkoa igande arratsaldean desagertu zen. Dirudienez, bere lau txakurrak paseatzera atera zen, eta lagun batekin elkartzekoa omen zen. Hitzordura agertu ez zela ikusita, haren lagunak desagerpenaren berri eman zuen.
Behin abisua jasota, bilaketa lanei ekin zieten. Ibaian bertan aurkitu zituzten haren txakurrak, zapatilak eta arropak. Gaztea ibaian sartu zela uste dute, baina ez dute desagerpenaren gaineko datu gehiagorik eman.