Gizartea -
Aurkikuntza historikoa
Munduko giza DNArik antzinakoena aurkitu dute Atapuercan
Atapuercako 'Hezurren Leizean' aurkitutako femur bati dagokio DNA, eta 400.000 urte ditu. Gizakien fosilen artean DNAren aurkikuntza ahalbidetu duen fosilik zaharrena da.
Erredakzioa
Antzinako DNA atera eta ikertzeko teknika berriei esker, munduko giza DNArik antzinakoena aurkitu dute Atapuercan, Burgosen. Gizonezko primitibo batena da, desagertutako tximinoen eta lehen gizakien artekoa.
Nature aldizkariak argitaratu duenez, Atapuercako 'Hezurren Leizean' aurkitutako femur bati dagokio DNA, eta 400.000 urte ditu. Gizakien fosilen artean DNAren aurkikuntza ahalbidetu duen fosilik zaharrena da.
Aurkikuntza Aapuercako lantaldearen eta Alemaniako Max Planck garapen antropologiaren institutuaren arteko elkarlanaren ondorio da, eta 'Homo' generoaren ordezkari baten genoma mitokondrialaren ia sekuentzia oso bat zehaztea lortu dute (Natureko artikuluak azaltzen duenez, izoztutako zoruan bakarrik lortu izan da 400.000 urte baino zeharragoa den DNA, eta ez zen gizakiena).
Halaber, ikertzaileek atzeman dute Denisovako hominidoen genomarekin harremana duela Atapuercakoak (Asiako neandertalen senide ziren Denisovakoak).
''Hezurren Leizea'' Erdi Pleistozenoko giza fosil kantitate gehien eman dituen aztarnategia da, 28 hezurdura aurkitu baitituzte bertan. ''Hezurren putzua'' izenarekin ere ezagutzen dute tokia.
Juan Luis Arsuaga buru duen Espainiako paleontolo talde batek bi hamarkadetan zehar induskatu eta berregin ditu fosil horiek, eta 'Homo heidelbergensis' giza sailkatu dituzte. Hala ere, neandertalen aztarnak ere aurkitu dira bertan baina, orain arte, ezinezkoa izan da fosil horien DNA ikertzea.
Hartz batekin lehenago
Hasieran, 'Hezurren Leize'an aurkitutako hartz bati aplikatu zioten Alemaniako institutuak DNA zaharra lortzeko garatutako teknika berria. Saiakerak arrakasta izan zuen eta, jarraian, hominido hezur baten bi gramo hauts hartu eta teknika hori bera aplikatu zuten. Bertatik DNA lortu eta mitokondrien genoma sekuentziatu zuten, amaren bitartez belaunaldi batetik bestera igaro ohi den genoma, alegia.
Konparaketa
Ondoren, antzinako DNA hori neandertalekin, Denisovako hominidoekin, egungo gizakiekin eta tximinoekin konparatu zuten, eta, lortutako emaitza oinarri hartuta, ikerlariek ondorioztatu dute Atapuercako hominido hori orain 400.000 urte bizi izan zela. Gainera, Denisovakoarekin antzekotasunak aurkitu zituzten.
Arsuaga: "400.000 urteko DNA lortzea iraultza da''
Juan Luis Arsuaga zientifikoaren hitzetan, orain 400.000 urteko hominido baten aztarnetatik DNA lortzea iraultza da, bai metodologikoki eta baita etorkizuneko ikerketetarako irekitzen duen aurreikuspenei begira ere.