Gizartea -
Pederastia Elizan
Pederastiaren kontra borroka egiteko batzordea sortu du aita santuak
Auzi honen aurrean entzungor jokatu du Elizak azken orduetan, baina badirudi Frantziskok aurre egin nahi diola.
Erredakzioa
Eliza barruan pederastia kasuak prebenitzeko batzordea eratu du Frantzisko aita santuak, Sean Patrick O'Malley Bostongo kardinalak prentsaurreko batean jakinarazi duenez.
"Gotzainen eta biltzarren arteko kolaborazio ekimen berriak sortzeko aholkuak eman behar ditu", esan du O'Malleyk. "Orain arte pederastia eskandaluak epaitegietan aztertu dituzte baina kontu pastorala oso oso inportantea da", erantsi du. "Aita Santua oso arduratuta dago horrekin", nabarmendu du.
Dena dela, batzorde hau nork eratuko duen eta zer nolako zereginak izango dituen aita santuak berak argitaratuko duen dokumentu "zehatz" batean azalduko dituzte, O'Malleyren hitzetan.
Hori gorabehera, xehetasun batzuk aurreratu ditu kardinalak. Agertu duenez, umeen babeserako ildo nagusiak eta adingabeen kontrako sexu erasoak saihesteko programak zehaztuko ditu batzordeak. Era berean, katekista, apaiz edo abadegaiei formazio programak eskainiko dizkiete.
Umeen segurtasuna bermatzeko protokoloak zehaztea, profesionalen kode etikoa egitea eta abadegaien egokitasun etikoa baloratzea ere lantzat izango ditu batzordeak.