Gizartea -
Trafikoko inkesta EAEn
EAEko gidarien % 22k alkoholaren edo drogen eraginpean gidatu du
Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak eginiko inkesta baten arabera, gidarien % 45ak istripu bat izan du noizbait, eta gizonezkoek emakumezkoek baino isun gehiago jasotzen dituzte.
Erredakzioa
EAEko gidarien % 22k alkoholaren edo drogen eraginpean gidatu izana aitortu du, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak 800 pertsonari eginiko inkesta baten arabera.
Emaitzek adierazten dutenez, inkestatuen zati handi batek dio distrakzioak eta atentzio faltak direla pairatutako istripuen arrazoia.
Inkestak bildutako datuen arabera, gidarien % 45ak istripu bat izan du noizbait. Motorzaleen kasuan, % 31k izan du ezbeharren bat, eta oinezkoen kasuan, aldiz, % 7k. Gidariek, txirrindulariek eta oinezkoek izandako istripuetan, % 50 ingururentzat, arrazoi nagusiak distrakzioak, deskuiduak, atentzio falta edo bidera ez begiratzea dira. Ezbeharrak izan dituzten motorzaleentzat, bi zergati nagusitzen dira: neurriak ez errespetatzea eta bideen egoera.
"Inkesta honen bitartez, gure helburua Euskadiko biztanleen portaera ezagutzea da, mugikortasun arloan, eta euren erabakiengan zer-nolako ikuspuntua duten jakitea", adierazi du Garbiñe Saez Molinuevo Trafikoko zuzendariak.
Molinuevoren arabera, oso kezkagarria da inkestatuen % 22k noizbait alkoholaren eraginpean gidatu duela aitortzea. "Jokabide horiekin urte luzez izandako tolerantziari amaiera eman behar diogu", gehitu du.
Babes neurrien erabilerari dagokionez, % 97,7k autoan beti segurtasun uhala erabiltzen duela aitortu du, eta % 80,8k beti kaskoa janzten duela motorrean bidaiatzean.
Inkestatuen % 68,2k ez du sekula isunik jaso. Baiezkoa eman dutenen artean, arrazoi nagusia gehiegizko abiadura da.
Alde handiak emakumezkoen eta gizonezkoen artean
Inkestaren emaitzek portaera alde handiak nabarmentzen dituzte gizonezkoen eta emakumezkoen artean. Datuen arabera, emakumeen % 76k ez du sekula isunik jaso; gizonezkoen kasuan, aldiz, portzentajea % 42koa da.
"Inkestaren datuek argi islatzen dituzte estatistikak. 2012an, istripuak izan zituzten hamar pertsonetatik zazpi gizonezkoak ziren, eta hiru, emakumezkoak", adierazi du Saez Molinuevok.