Gizartea -
Zigor Kodearen erreforma
16 urteko gazte bat hiltzea terrorismo delitua izango da
Zigor Kodearen erreforma indarrean sartzen denean, kartzelaldi iraunkor berrikusgarria ezarriko diote 16 urteko gazte bat hiltzen duenari.
Erredakzioa
Zigor Kodearen erreforma indarrean sartzen denean, kartzelaldi iraunkor berrikusgarria ezarriko diote 16 urteko gazte bat hiltzen duenari, terrorismo delituen parean jarrita. Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak erreformaren nondik norakoak azaldu ditu gaur. Ostegun honetan helduko da erreforma Diputatuen Kongresura, eta izapidetzea hasiko du.
Ministroak Justizia eta Haurtzaroa V. Foroaren hasierako ekitaldian eman ditu jakitera erreformak gazteenak babesteko jasotzen dituen neurriak. Horren esanetan, Espainian haurren aurka egiten diren delituei "erantzun egokia" eman nahi diete horrela.
Besteak beste, eta erreformak jasotzen duenez, sexu-harreman adostuak eduki ahal izateko gutxieneko adina 16 urtera igoko da. Halaber, adingabekoek sexuarekin loturiko ekintzak ikustea delitua izango da.
Esplotazio delituen zigor tratamendua ere "hobetzen" da Zigor Kode berrian. Erreminta berriak jasotzen ditu haur pornografiari aurre egiteko, delituak egiteko esplotazio kasuetan erantzun gogorragoa izango da, eta baita adingabeak legearen aurka atxiki edo bahituz gero ere.
Gallardonek aurkeztu duen Zigor Kodearen erreformak kartzelaldi iraunkor berrikusgarria ezartzeko aukera jasotzen du, delitu larri jakin batzuk zigortzeko. Hauek zigortuko dituzte horrela: hilketa terroristak, Erregearen edo haren oinordekoaren aurka egindako erasoak, atzerriko estatuburuen aurka egindakoak eta genozidio eta gizateriaren aurkakoak.
Biktimak bereziki kalteberak diren delitu hauek ere jaso ahalko dute zigor hori: adingabeen askatasun sexualaren aurkako delituak, hilketa multipleak edo talde kriminal batek egindakoak.