Gizartea -

Teknologia

Sarrerak erosi eta saltzeko plataforma bat sortu dute bi euskal gaztek

Ticketbis-ek, erabiliko ez diren sarrerak modu seguruan saltzeaz gain, agortuta dauden ikuskizun edo ekitaldi batekoak eskuratzeko aukera ematen du.

Ticketbis webgunearen ataria

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekitaldi baterako sarrerak erosi ostean, toki askotan sarrera horiek ezin daitezke itzuli, eta, joan ezinez gero, diru hori galdu egiten da. Ticketbisek sarrera horiek internet bidez saltzeko aukera ematen du, modu erraz eta erosoan. Izan ere, ikuskizun baterako sarrerak erabili ezingo dituzten pertsonen eta horiek erosteko interesa dutenen arteko bitartekaritza lana egiten du.

Zerbitzuaren segurtasuna bermatzeko, saltzaile eta erosleek bete beharreko zenbait baldintza dituzte. Esaterako, saltzaileak ekitaldia burutu ostean jasoko du dirua, hau da, sarrera egiazkoa zela eta jartzen zituen datuak zuzenak zirela egiaztatu ondoren. Era guztietako ikuskizun eta ekitaldiak ikusteko sarrerak hartu eta saltzen dituzte. Horrela, printzipioz agortuta zeuden ekitaldi batekoak lortzeko aukera ere ematen die erabiltzaileei.

Ander Michelenak eta Jon Uriartek 2010ean sortu zuten Ticketbis plataforma. Abian daramatzan hiru urteotan, arrakasta handia izan du, eta Ticketbis Europako eta Amerikako 15 herrialdetara hedatu da. Egun, sei milioi erabiltzailetik gora ditu.

200 langileko enpresa honen irabaziak hazi egiten dira urtero. Ticketbisek izandako harrera onak argi uzten du asko zirela halako zerbitzu baten beharrean zeudenak. Merkatu horri esker, gero eta jende gehiagok erosten ditu orain sarrerak, erabili ezin badituzte, gastatutako dirua galduko ez duten lasaitasunari esker.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea