Gizartea -

Donostian

Masajista bat kondenatu dute bezero bati sexu-ukituak egiteagatik

Emakumea Donostiako belar-denda batera joan zen bizkarreko mina arintzeko saio terapeutiko bat jasotzera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako belar-denda batean masajeak ematen zituen gizonezko batek urte bat eta bi hilabeteko espetxe zigorra jaso du bezero bati hainbat sexu-ukitu egiteagatik. Emakumezkoa bizkarreko mina arintzeko saio terapeutiko bat jasotzera joan zen belar-dendara.

Epaiak jasotzen duenez, gertakaria 2010eko irailaren 30ean jazo zen. Egun horretan, ukituak jasan zituen emakumea belar-dendara joan zen “bizkarreko mina arintzeko masaje batzuk jasotzera”.

Ebazpenak zehazten duenez, “emakumea ohatilan ahuspez etzan zen masajea jasotzeko eta orduan, gizonezkoak modu lizunean eta onespenik gabe organo genitalak pazientearen bi eskuetan jarri zituen. Bezeroak, masaje-emaileak erekzioa zuela nabaritu zuen”.

“Hanketan eta sabelaldean masajea eman ondoren, gizonezkoak ahulki batean esertzeko eskatu zion emakumeari. Ondoren, bularretakoa askatu eta bularrak ukitu zizkion. Biktimak ez zuen erreakzionatu, umiliatua eta bortxatua sentitu baitzen”, jasotzen du ebazpenak.

Epaiak dionez, emakumea jantzi egin zen eta masajea jaso zuen gelatik irten baino lehen, gizonezkoak bi musu eman zizkion masailetan, agurtzeko. Ondoren, ahoan musu ematen saiatu zen, baina bezeroak aldentzea lortu zuen”. Masajea ordaindu ondoren irten zen emakumea belar-dendatik.

Gertaerak sexu jazarpen delitu-eratzaile direla zehaztu du epaiak eta gizonezkoari urte bat eta bi hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio. Horrez gain, 1.500 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimari eta interes legalak ordaindu beharko ditu.

Epaia ez da irmoa, eta errekurtsoa aurkez daiteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea