Gizartea -

Elebitasuna

Hiru hileko umeek euskara eta gaztelania ezberdintzen dituzte

Hiru hileko umeek euskara eta gaztelania ezberdintzen dituzte, doinuari eta erritmoari erreparatuta, Basque Center on Cognition, Brain and Language Donostiako zentroaren ikerketa baten arabera.

Monika Molnar, ikerketaren arduraduna. Argazkia: BCBL.
Monika Molnar, ikerketaren arduraduna. Argazkia: BCBL.
Monika Molnar, ikerketaren arduraduna. Argazkia: BCBL.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Basque Center on Cognition, Brain and Language ezagutza, zerebroa eta lengoaia ikertzeko zentroak ohar batean iragarri duenez, hiru hileko umeek gaztelania eta euskara ezberdintzen dituztela ondoriozta daiteke Monika Molnar aditu hungariarraren taldeak egindako ikerketa batetik.

Txostenak erakusten duenez, "inguru elebidunetan hazitako umeek sentiberatasun maila handiagoa dute mintzairak bereizteko" eta guraso euskaldun elebakarrak dituzten umeek "portaera elebiduna" dute, inguruaren eraginez.

Idatzian agertzen denez, neurozientziak ezarria zuen dagoeneko umeak oso txikitatik direla bi mintzaira ezberdintzeko gai. Hori dela eta, Euskal Herrian elebitasuna ugaria dela ikusita, Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroak euskararen eta gaztelaniaren arteko elebitasun kasuak aztertzea erabaki zuen.

Ikerketarako, hiru eta lau hilabeteko umeen hiru talde erabili zituzten: gaztelaniaz bakarrik aritzen ziren gurasoak zituztenak, guraso euskaldun elebakarrak zituztenak eta batean zein bestean mintzatzen ziren gurasoak zituztenak.

Probak eginez, Monika Molnarrek umeek mintzairak ezberdintzeko erritmoan eta prosodian igartzen dituzten aldeak erabiltzen dituztela frogatu du. Intonazioari eta entzumenari dagozkion beste hainbat ezaugarri erabiltzen dituzte umeek.

Babylab laborategian egin dituzten probetan ikusi ahal izan dutenez, nahiz eta euskarak eta gaztelaniak antzekotasun akustiko eta fonetiko asko dituzten, umeek sentiberatasun handia dute doinuan alde txikiak igartzeko. Babylab laborategia zentroak sortu zuen, umeen portaera aztertzeko.

Halaber, guraso elebidunak dituzten umeek guraso elebakarrak dituztenek baino erraztasun handiagoa erakutsi zuten mintzairak ezberdintzeko. "Baina, gainera, ume horiek helduek berek baino sentiberatasun handiagoa erakutsi zuten prosodiaren edo hizkeraren erritmoaren aurrean. Izan ere, gutxienez hizkuntza bat menderatzen duten helduek beste ezaugarri batzuk ere erabiltzen dituzte mintzairak identifikatzeko, hala nola lexikoa", BCBLren arabera.

Inguru elebakarretako umeek ez zioten jaramonik egin ezagutzen ez zuten hizkuntzari, eta inguru elebidunetakoek, bi hizkuntzak ezberdintzeko gai direnez, arretari eusten zioten, igorleak batetik bestera aldatuta ere.

Gainera, beste ezaugarri esanguratsu bat utzi du agerian ikerlanak: inguru euskaldun elebakarretan hazitako umeak inguru elebidunetakoak bezala portatzen dira. Molnarrek azaldu duenez, nahiz eta gurasoek euskara soilik erabili, umeek beste elkarrizketa batzuk entzuten dituzte inguruan, eta soinu horiek bereganatzen dituzte.

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko ikerketa zentroa Eusko Jaurlaritzak bultzatu du, Euskadin zientzia eta ikerketa bultzatzeko, eta bertako bazkideak Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea dira, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara