Gizartea -
'The Wall Street Journal'
Sanferminetako argazki bat, urteko onenetakoa 'WSJ'ren ustez
Pedro Armestreren argazkia The Wall Street Journal egunkari ospetsuaren portadan agertu zen, uztailaren 8an.
David Perez | eitb.com
Sanferminetako argazki bat 2013. urteko argazki onenen artean hautatu du The Wall Street Journal AEBko egunkari ospetsuak.
Argazkia Pedro Armestre argazkilari galiziarrak egin zuen, eta AFP agentziari igorri zion.
Lehen entzierroan egin zuen, uztailaren 7an, Mercaderes kaleko balkoi batetik, baina Estafetara begira.
Entzierroetako argazki ohikoenetan zezenak, korrikalariak eta zauriak ikusten badira ere, Armestreren kamerak Estafeta kaleko balkoiei egin zien so. Lepo.
Egun hartan bertan, eguneko argazki onenen artean hautatu zuen egunkari estatubatuarrak, eta, hurrengo egunean, paperezko portadako irudi nagusia izan zen.
Telebistan egindako elkarrizketa batean, argazki hori lortu nahian bi urte zeramatzala azaldu zuen Armestrek: "Iaz ere bertan egon nintzen, eta argazki berbera egin nuen, baina irudia erabat ezberdina izan zen; une hartan bertan ohartu nintzen argazki hori sanferminetako adierazgarrienetakoa dela".
Hori dela eta, aurten balkoi berdinera itzuli da, Mercaderes kaleko 23. zenbakiko bigarren solairura, eta urteko argazki onenetakoa atera du.
Pedro Armestre argazkilariak (Ourense, 1972) eskarmentu handia du baso-suteak eta ingurumenarekin lotutako gaiak argazki bidez jasotzen, eta sari ugari jaso du esparru horietan egindako lanekin.