Gizartea -
Istilua
Bilboko tranbiaren kontrako erasoa egin dute dozena bat lagunek
Arriaga Antzokiaren inguruan gertatu da istilua, 14:15ean, eta ez da zauriturik egon.
Erredakzioa
Burua estalita zuten dozena bat lagunek osatutako talde batek tranbia unitate bat erasotu du gaur Bilbon, Arriaga Antzokiaren inguruan. Ertzaintzaren iturriek adierazi dutenez, haizetakoa barra batzuekin kolpatu dute eta presoen amnistiaren aldeko pintadak egin dituzte.
14:15 aldera jazo da istilua. Aurpegia estalita, Atxurira zihoan tranbia unitate bat atzeman dute zenbait pertsonak, Erribera inguruan. Ondoren, barra batzuk hartu eta tranbiaren haizetakoa jotzen hasi dira. Amaitzean, ihes egin dute eta jende artean nahastu dira.
Eraso horretan ez da inor zauritu, eta kalte materialak baino ez dira egon. Tranbia konpontzera eraman dute. Bisitari ugari zeuden ordu horretan Bilbon, San Tomas eguna ospatzen ari baitira gaur Bizkaiko hiriburuan.
Eusko Jaurlaritzak, Antonio Aiz Euskotrenen presidente eta Garraio sailburuordearen bitartez, erasoa gaitzetsi du. "Ez dakit ze azalpen izan dezakeen garraio publikoa erabiltzen ari den jendearen eta tranbia gidariaren kontrako eraso honek", adierazi du Aizek.