Gizartea -

Haize denboralea

Eguberria zailagoa izan da Euskadin, 'Dirk' ziklogenesiaren ondorioz

Pertsona bat larri zauritu da, 19 hegaldi bertan behera eta hainbat teilatu erorita, haize denboralearen behin-behineko balantzea.

Eguberria zailagoa izan da milaka herritarrentzat, ziklogenesiagatik

1:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadi alerta laranjan egon da gaur, Gabon-gau egunean, haize boladak direla eta. Hain zuzen ere, 18:00ak arte iraun du alertak.

Gaur goizaldean, 120 km/h-ko haizeteak jazo dira Zarautzen, eta 102 km/h-koak Deustun (Bilbo). Babes gabeko lekuetan, baina, boladak are indartsuagoak izan dira: Punta Galean 143 km/h-koak, Urduñan 167 km/h-koak eta Cerrojan 170,4 km/h-koak.

Gertakizun larriena Adunan (Gipuzkoa) jazo da. Bertan, zuhaitz bat erori eta gizon bat kolpatu du, buruan. Donostia Ospitalean dute, zainketa berezien unitatean, eta medikuek ez dute horren egoeraren berri eman.

Orotara, 600 etxe argindarrik gabe daude Artziniegan (Araba) arratsaldeko azken orduan, SOS Deiak larrialdi zerbitzuak zehaztu duenez. Ipar Euskal Herriaren ere 8.000 etxe egon dira zerbitzu gabe.

Donostian segurtasun eremua ezarri dute Zurriolan. Izan ere, metalezko xafla bat erori egin da Kursaaletik, haizearen ondorioz. Gipuzkoako hiriburuan, gainera, parke publiko guztiak itxi dituzte, prebentzio neurri gisa. Olentzeroren desfilea aldatu egin behar izan dute, eta Alde Zaharretik baino ez da ibiliko azkenean.

Loiuko aireportuan 19 hegaldi bertan behera utzi dituzte (Paris, Santiago, Bartzelona eta Madril). Gainera, Madrildik zetorren hegazkin bat itzuli egin da, eta Sevillatik zetorren beste bat Bartzelonara bideratu dute.

Atzo arratsaldean ere bost hegaldi utzi zituzten bertan behera.

Apatamonasterio_tejado

Apatamonasterio_tejado

Kalteak Apatamonasterion (Bizkaia). EiTB

Atxondon (Bizkaia), teilatu bat erori da, eta behean aparkatuta zeuden hainbat ibilgailu kaltetu egin dira, baina ez da inor zauritu.

Portsmouth eta Bizkaia lotzen dituen ferrya igandean atera zen Erresuma Batutik, baina Bretainiara (Frantzia) joan behar izan du, babes bila.

Bilbon, itxi egin dituzte Arriaga Plazan Artisautza Azoka hartzen duen karpa eta Bailen kaleko azoka. Gainera, bertan behera utzi dituzte Arriaga Antzokiaren kanpoaldean egitekoak ziren ekitaldi guztiak, baina ez Olentzeroren harrera, barrualdean egingo dutelako.

Armintzan (Bizkaia), pertsona bat itsasora erori da, portutik gertu, eta Gurutze Gorriak erreskatatu behar izan du. Ondoren, Gurutzetako Ospitalera eraman dute.

Itziarko mendatean gasolindengiak itxi egin dituzte, hainbat kalte baitituzte.

Gasteiz_bomberos arreglando tejados

Gasteiz_bomberos arreglando tejados

Gasteizko suhiltzaileak, teilatu bat konpontzen. EiTB

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea