Gizartea -

Polizia operazioa

Kutxazainetatik 60 milioi lapurtu zituen hacker sare bat erori da

23 herrialdetan egin zuen iruzur sare horrek. Zortzi pertsona atxilotu dituzte Espainian eta operazioaren burua Alemanian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mundu guztiko kutxazainetan 60 milioi dolar baino gehiago lapurtu zituen hacker sare bat deuseztatu dute Espainiako Poliziak eta Ameriketako Estatu Batuetako agentzia batek. Pasatu den otsailean egindako eraso batean, 23 herrialdetako 34.000 operaziotan 40 milioi dolar baino gehiago ostu zituen sareak, 13 ordu eskasetan. Operazio horietatik 446 Madrilgo kutxazainetan burutu zituzten gaizkileek.

Zortzi pertsona atxilotu dituzte Espainian. Horiek sarearen buruaren aginduei men egiten zieten. Informatikari alemaniar bat zen guztia kontrolatzen zuena, eta hura ere atxilotu egin dute. Bankuen datu-baseak ahuldu eta kreditu txartelen babes-neurri guztiak deuseztatzeko gai zen informatikaria.

Nazioarteko sarea izan arren, pertsona bakarra zuen agintean. Hark erabakitzen zituen gainontzeko kideen arteko harremanak eta lapurretak noiz egin, denbora tarte laburrean ahalik eta diru gehien lortzeko.

Iruzurra egin ahal izateko, sarearen buruak mundu guztiko kideen artean bankuko txartelen zenbakiak banatzen zituen. Zonalde bakoitzeko arduradunek zenbakiak banda magnetikodun txartel zurietan kopiatzen zituzten, eta kide bakoitzari bana ematen zieten.

Sareko buruak babes-neurri guztiak deuseztatzen zituen momentuan, mundu guztian batera hasten zen operazioa, eta kutxazain automatikoetatik ahalik eta diru gehien ateratzen zuten. Bitartean, informatikariak ordenagailuz kontrolatzen zuen operazio osoa, eta zenbaki bakoitzak ateratako diru kopuru zehatza jakiteko gai zen, baita lapurretaren ordua eta lekua ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea