Gizartea -

Osasuna

Gripe kasuek epidemia-ataria gainditu dute EAEn eta Nafarroan

2013ko azken asteak utzitako datuak dira. Osakidetza eritasunak eragindako zailtasunengatik ospitaleratuta izan behar dutenak hartzeko ari da prestatzen bere azpiegitura.

Argazkia: EiTB.
Argazkia: EiTB.
Gripe kasuak ugaritzen hasi dira EAEan eta Nafarroan

0:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2013ko azken astean, negua hasi zenetik, gripe kasuek epidemia-ataria dute gaindituta EAEn eta Nafarroan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Foru Gobernuak ostegun honetan emandako datuen arabera. Hain zuzen ere, eritasunak 100.000 laguneko 101,48 kasuko eragina du EAEn, 100.000 laguneko 76,5 kasuko epidemia-ataritik gora, eta Nafarroan, aldiz, 100.000 laguneko 82,4 kasukoa da eragina; epidemiatzat jotzeko, 50tik gora egon behar da tasa.

Kasuen tasan jazotzen ari den gorakada honen aurrean, Osakidetza eritasunak eragindako zailtasunengatik ospitaleratuta izan behar dutenak hartzeko ari da prestatzen bere azpiegitura.

Osasun Sailetik gomendatu dutenez, gripearen edozein sintoma atzematekotan familiako medikura joan beharko ginateke eta bere gomendioak jarraitu beharko genituzke. Foru Erkidegoan ondorengo asteetan gripearen eragina handiagoa izatea espero dute.

EAEn, tasarik altuena 0-4 urte bitarteko adina taldeari dagokio, 274,3 kasurekin, 5-14 bitartekoan jazotakoen aurretik: izan ere, azken tarte horretan 100.000 laguneko 153 kasu egon dira. Lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoan izan du eraginik handiena (100.000 laguneko 78,96 kasu), eta Bizkaia dago sailkapen horretako bigarren tokian, 69 kasurekin. Araban, berriz, 100.000 laguneko 26,7 kasukoa da eragina.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Albisteak Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak albisteak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Medikuntza albisteak Gripea gaur Nafarroako Osasun Zerbitzua