Gizartea -
Sutea Pasaian
Kaltedun batzuek euren ondasunak jaso ahal izan dituzte
Banan-banan, txandaka eta ordu erdiz sartu ari dira etxera. Auzokideak arropa eta dirua biltzen hasi dira.
Erredakzioa
Trintxerpen (Pasaia) urteberri egunean jazotako sutearen kaltedunak etxean sartu dira gaur goizean, ordu erdiz, sugarretatik salbatu diren ondasunak jasotzeko.
Udaletik azaldu dutenez, 09:00etan hasi dira kaltedunak etxeetan sartzen, binaka, baina etxebizitza bakoitzeko bat. Ordu erdi baino ezin dira barruan egon, eta suhiltzaileekin eta teknikariekin egin dute barrena.
Nolanahi ere, kaltedun guztiek ez dute etxean sartzeko baimena, 7. zenbakiko gehienek (azken solairukoak izan ezik) eta 5. zenbakiko lehenengo eta bigarren solairukoek baino ez. Izan ere, gainerakoentzat arriskutsua izan zitekeen.
Pasaiako Udalak kaltedunekin bilduko dela iragarri eta egoera kasuz-kasu aztertuko duela zehaztu du.
Gainera, "egoera astetan eta hilabeteetan ere luzatu daitekeenez", kasua jarraitzeko batzorde iraunkorra sortu du Udalak.
Trintxerpeko Euskadi Etorbidea zabaltzeko baimena eman du Udaleko arkitektoak.
Elkartasuna, Pasaian
Kaltedunak etxean sartu diren bitartean, kanpoaldean, lagunak eta boluntarioak zain izan dira, ondasunak garraiatzen laguntzeko. Adibidez, pintore batek bere ibilgailua utzi die.
Oro har, elkartasun uholdea oso handia izaten ari da Pasaian. Auzokideak elikagaiak, jostailuak, arropak eta dirua biltzen hasi dira, eta igandean azoka bat egingo dute.
Laguntza emateko deia oso azkar zabaldu da sare sozialetatik eta alboko herrietatik ere. Hori dela eta, arropa eta jostailu asko jaso ostean, higiene produktuak, izarak eta sukaldeko tresnak eskatu dituzte orain.
Trintxerpeko merkatuan eta Udalak auzo horretan duen bulegoan ere ari dira lagungarriak izan litezkeen ondasunak biltzen.
Halaber, hilaren 7an eta 12an, Casa Aramendia kateko gozotegiek arropak eta burusiak bilduko dituzte, ondoren Caritasera eramateko. Hilaren 6an, gainera, errege-opilak emango dizkiete kaltedunei.
Kutxako Gizarte Ekintzak diru-ekarpenak egiteko kontua ireki du (2095 0611 05 1064186140).
Gainera, GipuzkoaSolidarioa.info webgunean materiala eramateko lokalak non dauden jaso dute.
Bizilagunek ere kontua ireki dute (3035 0010 85 0101103875 Laboral Kutxa) eta bildutakoa Trintxerpeko gizarte zerbitzuek kudeatuko dute. Horrez gain, taberna askotan kaltedunei laguntzeko itsulapikoak jarri dituzte.
Ikerketa
Bestalde, sua zerk eragin duen argitzeko ikerketak aurrera darrai. Prozesua, baina, luzea eta zaila izango da.
Une honetan, Donostiako suhiltzaileak txosten bat prestatzen ari dira, eta astearterako amaituta egotea espero da.
Dena dela, Amaia Agirregabiria alkateak aurreratu duenez, hipotesi nagusia sua bengala batek eragin izana da.
Bideoa: Itsasoko suziriak, piroteknia produktuen artean arriskutsuenak