Gizartea -
Algorta
'Getxoko Sirenoa' Portu Zaharrera itzuli da
Abenduaren 8an, talde ezezagun batek artelana "bahitu" egin zuen eta handik bi egunera aldarrikapen batzuen truke bueltatzeko asmoa agertu zuten.
Erredakzioa
"Sireno"aren irudia Algortako Portu Zaharrean da berriro ere, abenduaren hasieran talde batek lapurtu ostean.
"Getxoko Sirenoa" tamaina handiko argazkia da, Marcos López artista argentinarrak hartutakoa. Artelanak Getxophoto nazioarteko lehiaketan parte hartu zuen eta udalak aldi baterako erosi zuen 2011n, Portu Zaharrera bisitari gehiago erakartzeko asmoz.
Abenduaren 8an, zenbait pertsonak argazkia "bahitu" egin zuen. Udalarentzat, gertatutakoa "kulturaren kontrako bandalismoa izan zen, adierazpen artistiko ezberdinak uztartzen dituen ekimen baten kontrakoa, alegia".
Ondoren, abenduaren 10ean, bahitzaileek Youtubera bideo bat igo zuten, artelana 15 eguneko epean itzuliko zutela esateko, baina horretarako udalak "etxebizitzarik, industria-naberik eta errepiderik ez eraikitzeko konpromisoa" hartu behar zuen, "erabili gabeko etxebizitzak eta industria-nabeak egoten jarraitzen duten bitartean".
Abenduaren 31n, argazkia getxoko alkateak Armintzan duen etxebizitzaren ondoan agertu zen, eta ostiral honetan bere lekuan jarri dute.