Gizartea -
Erregeetako loteria
76.254, Erregeetako Loteriaren lehen saria
Lugoko Monfort de Lemos herrian saldu da oso-osorik. Gainerakoan, 2. sariaren (69.362) zati bat Bizkaian saldu dute, eta 3. sariaren (8.347) beste bat, Nafarroan.
Erredakzioa
Zorteak beste behin izkin egin dio Euskal Herriari Erregeetako Loterian, bai lehen sariari dagokionez behintzat. Izan ere, 76.254, Erregeetako Loteriaren lehen saria Lugoko Monfort de Lemos herrian saldu da oso-osorik. Sari honek serieko bakoitzeko bi milioi banatuko ditu (200.000 euro dezimoko).
40 milioi euroko sari berezia 5 zatikia eta 21 seriea zituen dezimoak jaso du.
Bigarren eta hirugarren sariek, dena dela, apurra utzi dute gurean. Izan ere, bigarren sariaren (69.362) zati bat Bizkaian saldu dute: Barakaldon, Bilbon eta Durangon, zehatz esateko. 750.000 euro (75.000 euro dezimoko) banatuko ditu bigarren sari honek, eta Bizkaian ez ezik, Almerian, Asturiasen, Avilan, Bartzelonan, Vigon, Cadizen, Ciudad Realen, Sevillan eta Granadan ere utzi du sariren bat edo beste.
Hirugarren sariaren (8.347) beste zati bat, aldiz, Nafarroan saldu dute, Tutera herrian. 250.000 euroko (25.000 euro dezimoko) hirugarren sariaren dezimo batzuk herri horretako Eroskin saltokian saldu dituzte. Gainera, Bartzelonako, La Puerta de Segurako (Jaen), Calahorrako (Errioxa) eta Fuenlabradako (Madril) administrazioetan ere saldu dute.
Bestalde, 7, 1 eta 4 zenbakiekin bukatutako dezimoek 20 euroko saria jasoko dute (dezimoko).
Bigarren saria, Bizkaian
Bilbon, Barakaldon eta Durangon saldu dute bigarren sariaren zati bat. 69.362 zenbakiak, 750.000 euro utzi ditu serie bakoitzeko.
Hain zuzen ere, Barakaldoko 17. administrazioa izan da bigarren sari hau banatu duen lekuetako bat. Lutxana auzoko Buen Pastor kalean dago administrazio hau.
Han, serie oso bat saldu dutela baieztatu dute administrazioko arduradunek. Horrenbestez, 750.000 euroko saria jaso dute Barakaldon. 1996an ireki zituen ateak administrazio honek.
Hirugarren saria, Tuteran
8.347 zenbakiaren hamar serie Tuteran saldu dituzte. Serie bakoitzeko 250.000 euro banatu ditu hirugarren sari honek. Hortaz, 2,5 milioi euroko saria jaso du Tuterako 4. administrazioak. Dena den, oraingoz ez dute zehaztu dezimo guztiak saldu dituzten ala ez.
Merkataritza-gune batean dago administrazio hau, eta jai eguna denez, gaur ez dute ireki. Estatuko Loteria eta Apustu Elkarteak esan duenez, 16 eta 25 serieentzat izan da saria.
EAE, lehen saririk gabe 2002tik
29 aldiz jaso du Euskadik Erregeetako loteriaren lehen saria. Azkenengoz, 2002an Bilbon tokatu zen, Bizkaiko hiriburua izanik euskal hiribururik zorionekoena. Aurten, batez beste, 19,79 euro gastatu dira biztanleko EAEn. Hala ere, pasatu den urtetik, salmentak % 15,54 erori dira Euskadin.
Bizkaia izan da lehen saria gehienetan jaso duen euskal probintzia: zozketa 1941an lehenengoz egin zenetik, hamasei aldiz egin dio zorteak irribarre Bizkaiari. Esaterako, Getxon hiru aldiz erori da, eta Barakaldon, behin.
Gipuzkoan, zortzi aldiz egokitu da lehen saria: sei aldiz Donostian, behin Azkoitian eta beste behin Oñatin.
Araban, aldiz, behin baino ez da tokatu sari potoloa: 1987an, Gasteizen.