Gizartea -

Dopina

Poliziak 380.000 dopin dosi atzeman ditu Valentzian eta Alacanten

Poliziak eta Kirolarien Osasuna Babesteko Espainiako Agentziak 40 pertsona atxilotu dituzte, kirolari amateurrei dopatzeko gaiak banatzen zizkieten bi sare desegiteko.

Material mordoa atzeman du Poliziak operazioan. Argazkia: Efe.
Material mordoa atzeman du Poliziak operazioan. Argazkia: Efe.
Material mordoa atzeman du Poliziak operazioan. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziak eta Kirolarien Osasuna Babesteko Espainiako Agentziak 380.000 dopin dosi atzeman eta 40 pertsona atxilotu dituzte, gimnasioetan kirolari amateurrei dopatzeko gaiak banatzen omen zizkieten bi sare desegiteko.

Alacanteko taldeak speedarekin eta marihuanarekin ere trafikatzen zuen (1,7 kilo speed eta 600 kalamu landare atzeman dizkiete) eta zorrak kobratzeko "bulego bat zuen", droga trafikoaren ondorioz hartzeko zituzten zorrak kitatzeko. Bost pertsonak osatzen zuten taldea, eta benetako su armak zituzten; ikertzaileei tiro egin zieten, horiek erabilita, Poliziaren arabera. Agenteek azaldu dutenez, zordun bat bahitzear zeuden, eta hari "soin atalen bat" mozteko asmoa zuten.

Beste operazioan, Valentziako 15 farmazia eta bi osasun zentro miatu dituzte. Horietan, botika anabolizatzaileen 600 errezeta aurkitu dituzte eta beroriek agintzen zituen mediku bat atxilotu dute.

Alcanteko Busot herriko etxe batean egindako miaketan, dopatzeko gaien 180.000 dosi, 1,7 kilo speed eta 600 marihuana landare topatu dituzte, baita benetako bi su arma, beste bi arma faltsu, diru faltsua, goi mailako ibilgailuak eta smartphone pilo bat.

Operazioaren beste adarra Valentzian zabaldu zen. Ikertzaileen susmoak itxuraz dopatzeko gaiak zeuzkaten paketeak jasotzen zituen gizon batek piztu zituen. Gero, material hori bildu eta taldeak kirolari profesional eta amateurrei banatzen omen zien zenbait gimnasiotan.

2013an, Polizia Nazionalaren Ingurumen, Kontsumo eta Dopin Sailak mota honetako gaien aurkako borroka areagotu du. Iaz, 178 pertsona atxilotu zituzten eta 1.000.000 dosi atzeman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea