Gizartea -

Zarautzen hil zen

Ustez alaba itsasora jaurti zuen gizonak bertsioa aldatu du epaiketan

Gizonezkoaren arabera, ez zekien haurra hil egin zela lehen aldiz Ertzaintzarekin hitz egin zuenean.

2010eko urrian hil zen neskatoa, Zarauzko hondartzan. EiTB
2010eko urrian hil zen neskatoa, Zarauzko hondartzan. EiTB
Zarautzen hilda aurkitu zuten haurraren aitak errugabe jo du bere burua

1:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2010ean Zarautzen 18 hilabeteko alaba hiltzeagatik akusatu zuten gizonezkoak bertsioa aldatu du epaiketaren bigarren sesioan, eta lehen aldiz Ertzaintzarekin hitz egin zuenean, ez zekiela haurra hil egin zela eta haren zainketa galtzeko beldur zela adierazi du.

Gipuzkoako Auzitegiak gaur ekin dio epaimahaidun epaiketaren bigarren sesioari. Jatorri marokoarra duen 44 urteko gizonezkoari 2010eko urriaren zazpian Aicha alaba itsasora jaurti izana leporatzen dio epaileak. Fiskaltzak eta akusazio popularrak 23 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu dute akusatuarentzat.

Gizonezkoak Ertzaintzari esan zionez, 2010eko urriaren seian, haurraren amarekin eztabaidatu ostean, Zarauzko Montetxio parkeko etxola batera eraman zuen neskatoa lotara, eta gauean desagertu egin zen.

Lehenago, Durangon izan zen haurrarekin arropak saltzen, eta, haren bertsioaren arabera, lagun batekin taberna batean egon zen edaten eta erretzen. Ondorioz, egun osoa mozkortuta pasatu zuen.

Lehen aldiz Ertzaintzarekin hitz egin zuenean, goizaldeko bostak aldera, ez omen zekien zer gertatu zitzaion Aichari, eta zainketa galtzeko beldur zenez, bertsio hura kontatu zien agenteei, hau da: malekoian egin zutela lo eta, esnatu zenean, haurra ez zegoela bere alboan.

Montetxio inguruan haurraren bila ibili zela aitortu du akusatuak, lehenago, gau hartan bertan, hara joan baitzen neskatoarekin. Han lo egiteko asmoa izan arren, atea ezin izan zuela ireki eta joan egin zirela esan du.

Gainera, leku hartara zituen "gauza guztiak" eta lo egiteko erabilitako koltxoiak eramateko asmoa zuela adierazi du, "koartada" bat prestatu eta agenteei gaua bertan pasatu zutela sinestarazteko. Modu horretara, haurraren zainketa berreskuratu nahi zuen, baina haren gorpua goizean aurkitu zuten itsasoan.

Bertsio berri hori Azpeitiko epaitegian zergatik ez zuen eskaini galdetu dio fiskalak. Horren aurrean, han inork ez ziola horrelako ezer galdetu adierazi du, eta ez zuela "aukerarik izan" lo non egin zuten azaltzeko. Espetxean egon zen bitartean, preso bati kontatu ziola esan du, eta hark errugabea dela sinesten duela.

Haurraren gorpuak ez zuen indarkeria zantzurik, eta akusatua hilotza agertzean atxilotu zuten. Gaur, erabat ukatu du alaba hil izana: "Zin egiten dut ez nuela neskatoa itsasora bota, Alaren izenean", azpimarratu du. Gainera, eskizofrenia duela gehitu du, eta momentu hartan ez zuela inongo tratamendurik jasotzen.

Lekuko baten deklarazioa

Zarauzko bizilagun batek lekuko gisa hitz egin du epaiketan. Haren ustez, ezbeharraren egunean, goizaldeko bostak eta hamar inguruan, gizonezko bat Montetxiotik eskailerak jaisten ikusi zuen. Lasai, presarik gabe zihoala iruditu zitzaion, baina pisutsua zirudien bizkarzorro bat zeraman gainean. Horrek lekukoaren arreta deitu zuen. "Ez nuen ezer onik pentsatu, zerbait txarra zela pentsatu nuen", adierazi du zarauztarrak. Hori dela eta, ezkututik, gizonezkoari begira jarraitu zuela esan du, eta, motxila hartuta, eskaileretan gora abiatu zela.

Neskatoaren hilketari buruzko albistea entzun zuenean, eta atxilotuaren argazkia ikusi zuenean, Ertzaintzari ikusitakoa kontatzea otu zitzaiola azaldu du. Haren ustez, bizkarzorro hartan haurraren gorpua zeraman akusatuak, "hilik edo bizirik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Epaiketak argazkiak