Gizartea -

Istiluak

14 atxilotu Madrilen, Gamonalen aldeko elkarretaratze batean

Hamar bat lagun zauritu dira, tartean agenteak eta manifestariak. Poliziak kargatu egin du eta zenbait lagunek kalteak eragin dituzte hiri-altzarietan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

14 pertsona atxilotu ditu Poliziak asteazken honetan Madrilen, Burgoseko Gamonal auzoko herritarren protesten alde deitutako elkarretaratzearen ondoren, Poliziatik zehaztu dutenez.

19:00ean hasi da ellkarretaratzea, Solen, 'Burgosekin elkartasuna; Gamonal aurrera; atxilotuak absolibitu' lelopean.

Ondoren, 21:00ak inguruan, hainbat manifestarik Genova kalerantz jo dute, PPren egoitzara. Han polizia-lerroa zegoen, eta istiluak piztu dira. Agenteek kargatu eta gomazko pilotak jaurtiki dituzte; manifestariek, bestalde, petardoak, botilak eta hainbat objektu bota dituzte.

Manifestarietako batzuek kontainerrak bota eta erre dituzte, eta hainbat kalte eragin dituzte hiri-altzarietan.

''Gora langileen borroka'' eta ''atxilotuak askatu'' oihuak entzun dira, Burgosen atxilotuak izan ondoren kartzelan jarraitzen duten lagunen alde.

Zaurituak

Istiluen ondorioz, 10 bat pertsona artatu behar izan dituzte osasun zerbitzuek, tartean bost agente eta sei manifestari. Denek dituzte zauri arinak.

25S ekimena

25S koordinakundeak deitutako ekimenaren baitan kokatu da Madrilen egin duten elkarretaratzea. Izan ere, Estatuko hainbat hiritan elkarretaratzea deitu dituzte, sare sozialen bidez.

Valladoliden 1.200 lagun izan dira deialdian eta, Burgosen bertan, 5.000 lagunek hartu dute parte gaurko deitutako manifestazioan, auzokideen asanbladaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea