Gizartea -
Istiluak Burgosen
Gamonaleko protestak ulertzeko gakoak
Burgoseko auzo jendetsuenaren bizilagunak kale nagusia bulebar bilakatzearen aurka agertu dira eta horrek istilu larriak eta obrak behin behinean geldiaraztea ekarri du.
Eider Garaikoetxea | eitb.com
Nolakoa da Gamonal auzoa?
Gamonal udalerri izan zen 1995era arte. Urte hartan Burgoseko auzo bilakatu zen eta gaur egun hiriburuko jendetsuena da, 60.000 biztanlerekin. Populazioa, gainera, goraka doa, eraikin altuak egiten jarraitzen dutelako.
Biztanleriaren zati handi bat nagusiak dira, Gamonal auzoa 60ko hamarkadan jaio zelako izen bereko industriagune batean, hirigintza neurrigabearen garaian.
Langileen auzoa da, eta krisi ekonomikoak eta langabeziak min handia egin dute. Langabezia-tasa altua du egun.
Noiz eta zergatik abiatu ziren istiluak?
Ez da aurreneko aldia Gamonalen bizilagunen eta agintarien arteko istiluak gertatzen direna. 2005ean, Burgoseko Udalak auzoko kale nagusietako batean lur azpiko aparkaleku bat egiteko asmoa agertu zuen. Bizilagunak, haserre, protestatzeari ekin zieten eta presio horren ondorioz, asmoak bertan behera geratu ziren.
2014 honetako protestak urtarrilaren 10ean hasi ziren, ostiralez. Udalak, Javier Lacalle popularra buru duela, Vitoria kalearen zati bat bulebar bilakatu nahi du. Lanek 8 milioi euroko kostua dute. Bizilagunen ustez, dirutza da hori eta lan horiek ez dira beharrezkoak; hobe litzateke, euren esanetan, diru hori langabeei edo osasun zerbitzuei bideratzea.
Horrez gain, Vitoria kalea bulebar bihurtzeak berez nahikoa eskasak diren lur gaineko aparkalekuak murriztu eta Burgos erdiguneko lotunea den kalearen erreiak gutxiko lituzke. Gamonalen aparkatzea burukomina da bizilagunentzat, eta ohituta daude ibilgailuak bigarren eta hirugarren ilaran uztera.
Herritarrek salatu dutenez, gainera, lanak egiteko adjudikazioduna, MBG, Antonio Miguel Mendez enpresaburuarena da; Gürtel auziarekin nahastuta omen dagoena.
Zer dio Udalak?
Javier Lacalle Burgoseko alkateak behin eta berriz esan duenez, lanak egin beharrekoak dira, bizilagunek Auzo Kontseiluaren bidez oniritzia eman ziotelako eta Alderdi Popularraren eta PSOEren (botoen %80) hauteskunde programan ageri zelako.
Zer gertatu da ordudanik?
Lau gauetan istilu larriak izan dira manifestarien eta Poliziaren artean. 46 lagun atxilotu dituzte eta kalteak izan dira hiri-altzarietan.
Atxilo hartu dituzten 46 lagunetatik, 11 adin txikikoak dira eta gehienak (44) Burgosen bizi dira. 46 ez zuten aurrekaririk desordena publikoetan. Agintarien esanetan, ordea, istiluen atzean "Gaztela eta Leongo indarkeria taldeak" daude eta euren asmoek ez dute bizilagunek dituztenekin zerikusirik.
Udalaren arabera, hiri-altzarietan egindako kalteak " 50.000 euro baino gehiagokoak dira": 183 edukiontzi kaltetu dituzte, 90 erreta, autobus geltokietan ere txikizioak izan dira. Inguruko denda eta banketxeetan ere kalteak izan dira, beirateria apurtu dietelako.
Zein izan da inflexio puntua?
Burgoseko alkateak urtarrilaren 14an eman zuen berria: lanak behin behinean geldiarazten zituela. Orduko hartan azaldu zuenez, politikarien, udal teknikarien eta herritarren elkarteen artean sortutako batzorde bat osatuko dute 15-20 egunez auzia eztabaidatzeko.
Angel Ibañez Burgoseko alkateordeak atzokoan adierazi zuenez, Udala elkarrizketarako prest dago baina bereari eusten dio, "alegia, lanekin jarraitzea". Erantsi duenez, Izquierda Unida alderdiak protestetan izan duen "inplikazioa" aztertuko dute, euren esanetan, "gako" izan delako.
Zer gertatuko da aurrerantzean?
Istiluon ostean, ostegun honetan (hilak 16) lasai antzera esnatu da Gamonal. Herritarrek ez dute Vitoria kalean elkarretaratzerik egin, bizilagunek lanak eragozteko ipinitako plastiko eta hesiak bertan dauden arren. "Bulebar ez" edo "Gamonal denok gara" dioten pankartak ere han dira.
Bizilagunen asanblada egin zuten atzo eta elkarretaratzeak egiteari uztea erabaki zuten, mobilizazioei beste ukitu bat emateko.
Hala, aurrerantzean, lantaldeak sortuko dituzte bizilagunen interesak defendatzeko.
Ikusteko dago, dena den, Udalak bereari eutsiz gero, zer gertatuko den.