Gizartea -
Ravaleko kasua
Homizidio delitua egotzi die fiskalak 'Raval kasuko' zortzi mossori
Juan Andres Benitez enpresariaren heriotzaren erruduntzat jotzen ditu Ministerio Fiskalak zortzi mosso. 50 urteko enpresaria joan den urriaren 6an hil zen hainbat golperen ondorioz.
Erredakzioa
Fiskalak dolozko homizidio delitu bat egotzi die Juan Andres Benitez enpresariaren hilketan inputatutako zortzi mossoei. Iturri judizialek gaineratu dutenez, etorkizunean hilketa delitu bat egozteko aterak irekita utzi ditu fiskalak. Atxilotuta zegoen bitartean hil zen enpresaria.
Atxiloketan parte hartu zuten hamar agenteen ekintzak zehazteko enpresariaren heriotza ikertzen ari den epaileak agerraldia deitu du gaur. Bertan, fiskalak dolozko homizidio delitua egotzi die zortzi agenteri. Akusazio partikularrak, berriz, dolozko homizidio/hilketa delitua egotzi die bederatzi mossori eta defentsak auzia bertan behera uzteko eskatu du.
Elena Contreras ‘Raval kasuko’ fiskalaren aburuz, “mossoak, Benitezen heriotza eragin nahi ez arren, ados jarri ziren biktima arrisku egoera baten jartzeko delituzko asmoan”.
Ministerioak esku artean duen beste aukeretako bat ondorengoa da: “beraien asmoa, guztiak ados jarrita, lesioak eragitea zen, profesional moduan herritarrekiko duten gutxieneko zaintza arauak hautsiz”.
Urriaren 5eko gauean Benitez atxilotzeko agente kopurua gehiegizkoa izan zela uste du fiskalak, baita eman zioten golpe kopurua ere, horiek Benitez lurrean etzanda zegoenean izan baitziren. Biktima eusteko erabilitako denbora ere “gehiegizkoa” izan zela uste du fiskalak.
Fiskalak gaineratu du mossoek ez ziotela Aurora kalean zegoen anbulantziari deitu Benitezek konortea galdu zuen arte, nahiz eta anbulantzia hori mossoak heldu zirenean jada bertan egon.
Fiskalak dionez, “zortzi mossoek Juan Andres Benitezek pertsona moduan zuen dignitatea kaltetu zuten euren ekintzekin”.
Beste bi mosso ere auzian inputatuta daude. Antza, Benitezen odol arrastoak garbitu zituzten eta gertakarien argazkiak ezabatzea ahalbidetu zuten. Fiskalak dionez, “nahita oztopatu zuten ikerketa”.