Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute emaztea jotzeagatik, Gasteizen
Emakumea osasun-zentro batean artatu behar izan dute. Emazteari eraso egin diola aitortu du 39 urteko gizonezkoak.
Erredakzioa
39 urteko gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen emaztea jotzeagatik. Emakumea osasun zentro batean artatu behar izan dutela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak.
Atzo gauean izan zen gertakaria, Santiago auzoan, 21:00ak aldera. Ertzaintza bertaratu zen emakumearen deia jaso ostean; biktima portalean zegoen, eta zauria zuen kopetan. Salatu zuenez, senarrak jo egin zion eztabaida baten erdian.
Ertzainek anbulantziari deitu zioten lehenik, eta gero erasoa gertatu zen etxebizitzara igo ziren. Gizona identifikatu ostean, erasoa aitortu zuen; beraz, atxilotu egin zuten emakumeen kontrako indarkeria delitua egotzita.
Emakumeen kontrako indarkeriaren biktimentzako telefonoa: 016.