Gizartea -

Danborrada 2014

Gizarte lana saritu dute aurtengo hiritar merezimenduaren sarietan

Donostiak Itxaropenaren Telefonoa, udan Saharako haurrak etxean hartzen dituzten familiak, Sartu Erroak elkartea, Daniel Zulaika medikua eta Gipuzkoako Ateneo elkarteko presidentea saritu ditu.

Argazkia: EiTB

Hiritar Merezimenduaren Dominak banatu ditu Donostiako Udalak

0:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkartasuna eta aldarrikapena izan dira nagusi, igande honetan Donostiako Udalean egin den hiritar merezimenduen domina banaketa ekitaldian. Ondorengo hauek jaso dute domina: Itxaropenaren Telefonoak, urtero udan Saharako haurrak etxean hartzen dituzten familiek, Sartu Erroak elkarteak, Daniel Zulaika medikuak eta Angel Garcia Ronda Gipuzkoako Ateneo elkarteko presidenteak. Horiek guztiak ere Donostiaren alde eta orokorrean gizartearen alde egindako lanarengatik saritu dituzte.

Ohi bezala, sari banaketa ekitaldia San Sebastian egunaren bezperan egin da. Donostiako Udaleko osoko bilkuren aretoan izan da ekitaldia, eta hiriari eskainitako aparteko zerbitzuagatik saritu dituzte.

Daniel Zulaika medikua da eta HIESAri aurre egiteko egindako ahaleginarengatik jaso du domina. Bere hitzaldian, 1985tik hona haren alboan HIESAren aurka lan egin duten pertsonak izan ditu gogoan. "Sufrimendua eta gogortasuna oinarri izan zituen garaia atzean uzten ari gara. Garai gogorra izan zen, baina gure onena ateratzeko balio izan zuen", gaineratu du.

Angel Garcia Ronda Ateneoko kideak "kulturaz beteriko hiria" opa die guztiei. Bestalde, gizarte arazoak dituzten pertsonen etorkizunaz arduratzen den Sartu Erroak erakundearen izenean, Igone Virtu zuzendariak hitz egin du. Horren esanetan, 25 urteko bidean ia 25.000 laguni zerbitzua eman diete, eta horiek guztiak gogoan izan ditu.

Urtero udan Saharako haurrak etxean hartzen dituzten familiek gustura jaso dute domina, eta horien izenean Vicenta Benitezek hartu du saria. Ordezkariak Sahara herriaren askatasunaren alde egiteko balio du: "Sahara askatu".

Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak iaz 25 urte bete zituen, eta gaur domina jaso du. Juan Carlos Redondo ordezkariak boluntarioen lana goraipatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea