Gizartea -
Danborrada 2014
Euripean lehertu da danbor festa Azpeitian eta Donostian
24 orduz danbor hotsak izango dira nagusi.
Erredakzioa
San Sebastian Martxarekin lehertu da festa Donostian eta Azpeitian, eta 24 orduz danbor hotsak izango dira nagusi.
Datozen orduetan helduen danborradek hartuko dituzte Donostiako eta Azpeitiko kaleak. Gipuzkoako hiriburuan, 15.468 pertsonak parte hartuko dute 128 danborradetan. Udal liburutegiko erlojuak gauerdia markatu duenean, bandera igo eta San Sebastian Martxa jo dute. Donostiako Konstituzio plazan, ohi legez, Gaztelubide konpartsa zegoen oholtza gainean, beste konpainietako ordezkariekin batera, Jose Ramon Mendizabal Danbor Nagusiaren esanetara, eta Sarriegi maisuaren doinuak jo dituzte.
Azpeitian, 22:15ean abiatu da helduen danborrada Olazko Andre Mariaren plazatik, eta, Donostian bezala, 00:00etan, San Sebastian Martxaren erritmora, bandera igo dute udaletxean. 27 talde elkartu dira udaletxeko plazan, eta, San Sebastian Martxaz gain, beste hainbat pieza jo dituzte Azpeitiko kaleetan barrena atera arte.
Astelehenean, haurren danborrada
Astelehenean, San Sebastian egunez, haurrak izango dira protagonista bi udalerrietan. Eguerditik aurrera, milaka neska-mutilen danbor hotsek hartuko dituzte Donostiako eta Azpeitiko txoko guztiak. Donostian, 4.692 haurrek parte hartuko dute San Sebastian eguneko haur danborradan. Lehen aldiz, gainera, karrozan neskak nahiz mutilak izango dira.
Urrezko Danborraren banaketa ekitaldia
San Sebastian egunez, Urrezko Danborra banatzeko ekitaldia izango da 12:30ean. Aurten, Joaquin Fuentes haurren psikiatrak jasoko du saria.
Jaiaren amaiera
Gauean, festari amaiera emateko, Juan Karlos Izagirrek Donostia hiriko bandera jaitsiko du gaueko hamabietan. Orduan, Konstituzio plazan bildutako Union Artesana elkarteko danborrariek San Sebastian Martxa joko dute, azkeneko aldiz, jaiari bukaera emateko.
Azpeitian ere, 00:00etan jaitsiko dute udaletxeko bandera, eta 2015era arte agur esango diete danbor hotsei. Aurten, 6 talde hauek parte hartuko dute banderaren jaitsieran: Zezenzaleak, Barrenetxea, Oilo Soro, Irrintzi, Txalintxo eta Arauntza. 22:45ean, Sanjuandegitik abiatu eta Azpeitiko kaleetan barrena ibiliko dira, gauerdia baino lehen udaletxeko plazara heldu arte.