Gizartea -
Nafarroa
Sei lagun intoxikatu dira Antsoainen, karbono monoxidoa arnastuta
Familia bereko lau adindun eta bi adingabe artatu behar izan dituzte, su-ontzi baten emanazio toxikoak arnastu eta gero.
Erredakzioa
Familia bereko sei lagun, lau adindun eta bi adingabe, intoxikatu dira Antsoainen (Nafarroa), karbono monoxidoa arnastuta. Su-ontzi baten emanazioak arnastu omen dute guztiek, igandean, Foru Gobernuak jakinarazi duenez. Nafarroako Ospitale Gunera eraman behar izan dituzte, baina ez omen daude egoera larrian.
Lerin kaleko auzokide batek deitu zuen SOS Nafarroaren 112 telefonora, aldameneko etxebizitzako maizterrak zorabiatuta eta logura handiz zeudela jakinarazteko. Hori ikusita, karbono monoxidoak eragindako intoxikazio baten aurrean zeudela pentsatu zuten. Suhiltzaileek karbono monoxidoaren maila altuak neurtu zituzten etxean, su-ontzi baten errekuntzaren eraginez.
Osasun zerbitzuek aztertu ondoren, guztiak Nafarroako Ospitale Gunera eramatea erabaki zuten. Antsoaingo Udaltzaingoak hartu du gertatutakoa ikertzeko ardura.