Gizartea -
Eguraldia
Opakuan eta Urkiolan kontuz ibiltzeko gomendioa eman dute, elurragatik
Pirinioetan izan ezik, gainerakoan zabalik dago errepide sarea, eta ez dago aparteko arazorik.
Erredakzioa
Goizean goiz Arabako eta Bizkaiko mendate batzuetan traba egin badu ere, elurrak ez du ia arazorik sortu eguerdian. Dena dela, Opakua (Araba) eta Urkiola (Bizkaia) mendateetan kontuz gidatzeko gomendioa eman du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, elurra egin baitu.
Nafarroan, berriz, Pirinioetan bakarrik daude arazoak. Hala, kateak behar dira NA-137 (Izaba-Frantzia) errepidean, 33. kilometrotik aurrera. NA-2011 (Espartza-Frantzia), NA-2012 (Otsagabia-Irati) eta NA-137 (55. kilometrotik) errepideak itxita daude, elurragatik.
Dena dela, Arabako Foru Aldundiak neguko bideragarritasun plana aktibatu du: elurra kentzeko zazpi makina eta 22 behargin daude lanean.
Iragarpena
Euskalmeten arabera, hodeitza handitzen joango da egunak aurrera egin ahala. Elur-kota 1.500 metrora igoko da arratsaldean. Izotzagatik ezarritako abisu horia bertan behera utzi du Segurtasun Sailak.
Biharko egunari dagokionez, berriz, beste abisu hori baten berri eman du: 4 metrorainoko olatuak egon daitezke, 18:00etatik hurrengo eguneko ordu berera arte.
Iragarpenaren arabera, bihar, asteazkena, euria egingo du, txikia bada ere. Tenperatura minimoek gora egingo dute eta maximoak bere horretan mantenduko dira.
Ostegunean eta ostiralean ere, prezipitazioak izango dira nagusi. Elur-kotak gora egingo du, eta 1.400 metroan kokatuko da.