Gizartea -
Trafiko istripu larria
Gasolio orban bat izan liteke Debako ezbeharraren eragilea
Aurretik istripua izan zen kamioi eta auto baten artean, eta kolpeak orbana utzi zuen galtzadan. Zauritutakoetatik bat bakarrik dago erietxean.
Erredakzioa
Garbiñe Saez Molinuevo Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak azaldu duenez, Istiñako tunelaren (Deba, Gipuzkoa) galtzadan zegoen gasolio orban bat izan liteke istripu larriaren eragilea. Aurretik gertatutako beste ezbehar batean, gasolioa isuri zen galtzadara eta horrek istripua eragin izana aztertzen ari dira orain ikertzaileak.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, kamioi batek eta auto batek talka egin zuten eta kolpeak galtzadan utzitako orbanak "eraginak izan zituen bigarren istripu horretan".
Horrez gain, ezbeharrean biktimak artatzen eta zirkulazioa bideratzen lagundu zuten lagun guztiei eskerrak eman dizkie Saez Molinuevok, ezbeharrak "ondorio tragikoak" izan zitzakeelako.
Zauritutakoen egoera
Donostia, Mendaro, Arrasate eta Galdakaoko ospitaletara eramandako zauritutakoei senda-agiria eman diete gaur, bati izan ezik. Larri jarraitzen du Donostia Ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean. Osakidetzak jakinarazi duenez, burezurreko traumatismoa du.
Orotara, 19 lagun zauritu ziren 15:20 aldera Istiñako tunelean (Deba), AP-8an, 30 ibilgailuk izandako istripuan. Autobus batek eta bost kamioi izan ziren, tartean.
Ezbeharraren ondorioz, ordu luzez itxita egon zen autobidea, Bilboko norazkoan; eta gaur goizaldean, 05:30ean zabaldu dute berriro.