Gizartea -
Hezkuntza Ministerioa
40.000 ikasleren Erasmus bekek sei hilabeteko iraupena izango dute
Horrela, unibertsitateko 40.000 ikasleren bekak mantentzea espero du Ministerioak. Erasmus Plus Programa berria urtarrilean sartu da indarrean.
Erredakzioa
Egonaldiak sei hilabetera mugatuz unibertsitateko 40.000 ikasleren bekak mantentzea espero du Hezkuntza Ministerioak. Erasmus Plus Programa berria urtarrilean sartu da indarrean. Horrela, egonaldia bost edo sei hilabetekoa izango da.
Datorren ikasturtean Europar Batasunak Espainiari emango dizkion 53,4 milioi euroak banatzeko irizpideak prentsaurrekoan azaldu ditu Montserrat Gomendio Hezkuntzako estatu-idazkariak. Espainiako Gobernuak 18 milioi euroko ekarpena egingo du.
Egonaldia gehiago luzatzea unibertsitateen ardura izango da, Gomendiok azaldu duenez, hau da, unibertsitateek finantzatu beharko dituzte egonaldia luzatu nahi dutenen bekak. Horretarako, unibertsitateek 12 milioi euroko aurrekontua izango dute (aurreko ikasturteetan baino zazpi milioi gehiago).
Programako ikasle onuradunek hilero 200-400 euro jasoko dituzte, hori baita Europako Batzordeak ezarritako kopurua, baina Espainiak batez beste 250 euro emango dizkie, estatu-idazkariaren hitzetan. Hala ere, laguntza 300 eurora hel daiteke, baina baita 100 eurora murriztu ere, herrialdeko bizitza-mailaren arabera.