Gizartea -
Ezbeharra
Emakume batek 10 hilabeteko semea hil du Torreviejako ospitale batean
Suitzako agintariek emakumea aurkitzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua eman zuten, emakumeak medikuen zaintzapean zegoen haurra Suitzatik atera zuelako.
Erredakzioa
Emakume batek, ustez, haren 10 hilabeteko semea hil du Torreviejako ospitale batean, eta, ondoren, haren buruaz beste egiten ahalegindu da asteazken honetan, Guardia Zibilak Europa Press albiste agentziari jakinarazi dioenez.
Suitzako agintariek emakumea aurkitzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua emana zuten, emakumeak Zuricheko kantonamenduko medikuen zaintzapean zegoen haurra Suitzatik atera zuelako. Amari haurraren zaintza kendu zioten mediku arreta berezia behar zuelako. Emakumea Torreviejako merkataritza gune batean identifikatu eta atxilotu egin zuten, eta haren semearekin batera ospitale batera eraman zuten haurrari mediku azterketa egiteko.
Kasu hauetan gertatu ohi den bezala, haurra ospitaleko logela batean jarri zuten haren amarekin batera, Poliziaren zaintzapean beti ere.
Antza denez, mediku bat eta erizain bat logelara sartu ziren haurrari probak egiten hasteko, baina amak haurra bainatzeko baimena eskatu zuen. Haurrari arropa kentzen zion bitartean, poltsatik laban bat atera eta semeari lepoa moztu zion. Ondoren, bere buruaz beste egiten saiatu zen eta premiazko ebakuntza egin zioten.
Torreviejako 5. Instrukzio zenbakiko epaitegiak ikerketa bat zabaldu du heriotzaren nondik norakoak argitzeko, eta ikerketa sekretupean jarri du.
Valentziako Generalitateko Osasun Kontseilaritzak ezbeharraren gaineko informazioa emateari uko egin dio.
Eduardo Dolon Torreviejako alkate popularrak, bestalde, nahigabea adierazi du.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak Torreviejako gertaerari buruz hitz egitea baztertu du: "Sumarioa sekretupean dago eta ezin dut ezer esan".