Gizartea -
Eustaten datuak
Ezkontzen % 70 zibilak dira Euskadin, 1990etik hirukoitza
Euskal Autonomia Erkidegoan 8.293 ezkontza egin ziren 2012. urtean, aurrekoan baino % 5,1 gutxiago, Eustaten arabera.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan 8.293 ezkontza egin ziren 2012. urtean, aurrekoan baino % 5,1 gutxiago, Eustaten arabera. Horrez gain, azken urteetan gora egin du ezkontza zibilen kopuruak: 1990ean %23 ziren eta 2012an, berriz, % 70,1 (5.707 guztira).
Euskadiko ezkontza-tasa, 3,5 1.000 biztanleko, Estatukoaren oso antzekoa da, baina Europar Batasuneko herrialdetakoen azpitik geratu da (4,4 1.000 biztanleko).
Eustaten txostenaren arabera, amatasunaren adina igotzearekin batera, ezkontzen direnena ere igo egin da azken urteetan. 2012an ezkondu ziren gizonezkoen batez besteko adina 34,8 urte ziren eta emakumezkoena, berriz, 32,9. Azken 25 urtetan, senargaien batez besteko adina 7,1 urte igo da eta emaztegaiena 7,5.
Ezkondu aurretik zuten egoera zibilari dagokionez, aurreneko ezkontza izan zen gizonezkoen % 89,3rentzat eta emakumezkoen % 89,4rentzat.
Ezkondu aurretik, bikoteen % 49k bizileku bera zuten, 2011ko portzentaia bera. Ezkondu aurretik elkarrekin bizi ziren bikoteen bilakaera % 19tik (1996. urtean) % 59ra igaro da.
Uda da ezkontzak egiteko aro aukeratuena. Irailean 1.303 ezkontza egin ziren, ekainean 1.287 eta uztailean 1.205. Ezkontzen % 53 larunbatean egin ziren eta % 35, ostiralean.
Ezkondu eta EAEtik kanpo bizitzera joan zirenek batez ere Madril, Kantabria edota Nafarroa aukeratu zuten.
Bestalde, 2012an ezkontza homosexualen kopuruak % 1,3 egin zuen behera aurreko urtearekin alderatuz. Guztira, sexu bereko pertsonen arteko 148 ezkontza egin ziren, 75 emakumezkoen artekoak eta 73 gizonezkoen artekoak.