Gizartea -
'Kiro Oncology'
EAEko enpresa batek kimioterapia hobetzeko robot bat sortu du
Robotak tratamendua "zehatzago, seguruago eta trazabilitate handiagoarekin" ematea ahalbidetzen du.
Erredakzioa
Mondragon Korporazioak Aretxabaletan (Gipuzkoa) sortutako Kiro Robotics enpresak kimioterapia tratamendua "modu zehatzagoan, seguruagoan eta trazabilitate handiagoarekin" ematea ahalbidetzen duen robot bat sortu du, 'Kiro Oncology' izenekoa.
Robota Donostiako Onkologikoan erabiltzen ari dira dagoeneko, eta gaur aurkeztu dute Gerardo Cajaraville zentro horretako doktore buruak, Almudena Moreno zuzendari nagusiak eta Borja Lizari Kiro Roboticseko zuzendariak.
Garapen prozesua hiru urte eta erdikoa izan da, eta 6 milioi euroko inbertsioa behar izan du.
Cajaravillek azaldu duenez, kimioterapian banakako dosiak emateko prozesua oso zaila da, baina, robot honekin, "zehaztasun, segurtasun eta trazabilitate handiagoarekin" egin ahal da.
Horren esanetan, Kiro Roboticseko ingeniariek 2010. urtean azaldu zioten proiektua, eta bi urteren ostean robota prest zuten. 2012. urteko ekainean lehen probak egin zituzten, eta azarotik Onkologikoan erabiltzen ari dira.
Merkaturatzeko prozesua
Kiro Roboticseko zuzendariak zehaztu duenez, oraindik ere bi urte joango dira robota merkatuan ikusi arte.
Orain arte, hainbat herrialdetako (AEB, Erresuma Batua eta Frantzia, kasu) osasun zentrok agertu dute interesa, eta, aurki, Kataluniako bi zentrotan proba fasean erabiltzen hasiko dira.
Proiektuak 100 lanpostu zuzen sortuko ditu, eta beste horrenbeste zeharkakoak. Gainera, Mondragon Taldeko hainbat kooperatibak sektorean barrena egitea espero duela adierazi du Lizarik.