Gizartea -
Olatu erraldoiak
Denboraleak hildako bat eta hainbat kalte utzi ditu gurean
Gizon bat hil da Ondarroan, olatu kolpe batek itsasora bota ostean. Donostian, Kursaal zubiko baranda apurtu du itsaso zakarrak.
Erredakzioa
Euskal kostaldea astintzen ari den denboraleak hildako bat utzi du astearte honetan, Ondarroan. Bertan, gizonezko bat zendu da olatu kolpe batek itsasora bota eta gero. 43 urteko senegaldarra portuan paseoan zebilen olatu kolpe batek jo eta itsasora erori denean. 10.45ean gertatu da ezbeharra.
Itsasoko Gurutze Gorriko kideek gizonezkoa itsasotik ateratzea lortu dute eta bihotz-biriketako bizkortzea egin diote, baina lekuan bertan hil da.
Osakidetzako helikoptero bat bertaratu da gizonezkoa erietxera eramateko, nahiz eta lekualdatzea ez den burutu.
Kalteak Donostian
Itsaso zakarrak Donostiako bi dendetan eta Kursaal zubian kalteak eragin ditu.
Denboraleak Salamanka pasealekuko bi dendetako leihoak apurtu ditu eta Kursaal zubiko baranda puskatu du.
Donostiako Udaleko langileek behin-behineko banda bat jarriko dute zubian, baina ibilgailu eta oinezkoentzat itxita egongo da asteazkena bitartean.
Donostian, berriz, prebentzio neurri guztiak hartu ditu Donostiako Krisi Mahaiak, eta erne jarraituko du, arratsaldean gerta daitekeenaren zain.
Getxoko Portu Zaharrerako bidea itxi dute
Getxoko Udalak, bestalde, Ola jatetxetik Portu Zaharrera doan bidea itxi du, alerta laranja dela eta.
Ereagako kaia eta Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera doan pasealekua uneoro zainduko dute eta eguraldiak okerrera eginez gero, itxi egingo dute. Horrela eman du jakitera Getxoko Udalak ohar batean.
Alerta laranjatik abisu horira
Olatuen arriskua dela-eta indarrean egon den alerta laranja abisu horia izatera igaroko da goizaldean, 00:00etan. Zehazki, asteazkenean, itsasaldeko arriskua txikiagoa izango da, lauzpabost metroko olatuak aurreikusi baitituzte, eta abisu horia izango da indarrean,
Iragarpenaren arabera, elurra ere kezka iturri izan liteke bihar. Eguerditik aurrera abisu horia izango da, elur-maila 700-800 metrora jaitsiko baita. Ostegunerako, 1.000 metro inguruan geratuko da, eta biharamunean ere igotzen jarraituko du; 1.500 metroan zurituko du ostiralean.