Gizartea -

Eguraldiaren iragarpena

Gaurko barealdiaren ostean, alarma gorria asteburuan

Gaur pixka bat baretuko da eguraldia, eta aterrune luzeak espero dira. Hala ere, bihar euri zaparrada handiak botako ditu, elur-kota jaitsi egingo da eta alarma gorria jarri dute olatuengatik igandean

Euria Iruñean. Argazkia: Efe
Euria Iruñean. Argazkia: Efe
Euria Iruñean. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egunotako eurite, uholde, ekaitz, elurte eta kostan kalte handiak eragin dituen olatuen ostean, gaur pixka bat baretuko da eguraldia eta aterrune luzeak espero dira, Euskalmeten arabera, baina bihar berriro jaitsiko da tenperatura eta gogotik botako du euria. Gainera, alerta laranja jarriko dute berriro, olatu handiengatik, eta igande goizaldean, alarma gorria piztuko dute itsaso gaiztoa dela eta.

Gaur, ordu batzuetan, ateri eutsiko dio. Goizean euria egiten jarraituko du oraindik ere, baina, oro har, euri txikia izango da, isurialde atlantikoan batez ere. Elurra 900 metrora botako du. Baina orduak aurrera joan ahala, atertzera egingo du eta elurra mendi altuenetan baino ez du egingo. Gainera, ostarteren bat ere zabalduko da, batez ere hegoaldean. Goizaldean mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin kostaldean; gainerako orduetan hegoaldetik joko du eta, horri esker, tenperatura maximoak nahikoa igoko dira.

Bihar, isurialde atlantikoan gogotik egingo du euria. Egunaren lehengo partean bereziki egingo du euria. Arratsaldean ostarteak zabalduko dira, baina zaparradak botako ditu tarteka. Bestalde, ezin da erabat baztertu zaparrada trumoitsuren bat edo beste botatzea. Orduak igaro ahala, elur-kota gero eta beherago egongo da; goizean goiz, 1.300 metrora, eta, gauean, 600 metrora ere jaitsi daiteke. Goizetik aurrera, haizeak ipar-mendebaldeko norabidea hartuko du, eta bolada oso gogorrekin joko du kostaldean. Egunez tenperaturak behera egingo du nabarmen, eta gauean, barnealdeko zenbait tokitan, izotza egingo du.

Igandean, eguraldiak hobera egingo du goizean goizetik. Egunaren lehen orduetan, zerua hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu ipar partean, bereziki ekialdean; hau da Gipuzkoan, Nafarroa iparrean eta Ipar Euskal Herrian. Goizean, ostarteak zabaltzen hasiko dira, eta arratsaldean, hegoaldean batez ere, giro argia izango da. Goizean bertan, haizeak hegoaldeko norabidea hartuko du, eta gauean, zakartu egingo da. Goizaldean, giroa hotzagoa izango da, eta izotza barnealdeko toki askotan egingo du. Beroenak, berriz, larunbatekoak baino pare bat gradu altuagoak izango dira.

Astelehenetik aurrera, tenperaturak gora egingo du apur bat, baina euria botatzen jarraituko du.

Alarma gorria olatuengatik

Segurtasun Sailak alerta laranja ezarriko du berriz larunbatean, arratsaldean sei metro baino gehiagoko olatuak izan litezke eta. Gainera, igande goizaldeko hiruetatik bederatzietara alarma gorria piztu dute kostan, olatu handiengatik.

Gaurko ez dago abisurik, baina, bihar goizean olatuak lau metrokoak izango dira. Arratsaldean, arriskua handiagoa izango da, eta olatuak bost eta sei metro artekoak izango dira 15:00etatik aurrera, gauerdira arte.

Azken egunetako denboralearen ondorioz, 43 urteko gizon bat hil da Ondarroan, portuan zegoela olatu batek itsasora bota ondoren. Halaber, kalte materialak izan dira Donostian, Kursaaleko zubian eta hainbat dendatan.

Elurraren kasuan, abisu horia ezarriko dute berriz ere larunbatean; izan ere, elur-kota jaisten joango da eta 600 metrora kokatuko da egunaren azken orduetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea