Gizartea -

Gertakaria

Ertzain batek tiro egin du Zizurkilen, bi ustezko lapur atxilotzeko

EAEn eta Nafarroan 130 lapurreta baino gehiago egitea egozten zaion lapur talde bateko kideak direla uste da.

Bi atxilotu Zizurkilen, tiroketa baten ondoren

0:44

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eraikinetan lapurreta egiten duten gaizkile talde bateko ustezko bi kide atxilotu dituzte gaur Donostian eta Zizurkilen. Gainera, ertzain batek tiro egin du Zizurkilen, akusatuek autoarekin harrapatu ostean.

Segurtasun sailak adierazi duenez, gertakaria 07:30ean izan da, Zizurkilgo Ubare auzoan. Bertan, Ertzaintzak kontrol bat zuen jarrita.

Ertzaintzak zaintzapean zeukan Volkswagen Golf bat pasatu da kontroletik. Ustez, abuztuan partzialki atzeman zuten lapur talde batekin lotura zuen ibilgailuak. Talde horri 130 lapurreta baino gehiago egotzi dizkiote EAEn eta Nafarroan.

Agenteek autoa gelditzeko eskatu diete bertan zihoazen hiru bidaiariei, baina gidaria ihes egiten saiatu da eta ertzain bat harrapatu du. Horrek tiro egin du, ihesaldia gelditzeko asmoz.

Autoan zihoazen bi pertsonak ihes egitea lortu dute, baina 30 urteko gizonezko bat, autoaren gidaria, zehazki, atxilotu egin dute.

Belarrian zauri bat zuen atxilotuak, eta osasun zentro batera eraman dute. Harrapatu duen ertzainak, aldiz, eskuineko hankan kolpe handia hartu du.

Geroago, autoko bidaiarietako bat aurkitu eta atxilotu du Ertzaintzak Donostian.

37 urteko gizonezkoa abuztuan ere atxilotu zuten Lasarte-Orian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan 27 auto lapurtu eta ehunka indarkeriadun lapurreta egozten zaizkion talde bateko kide izatea leporatuta. Gutxi barru aske utzi zuten, baina, Ertzaintzaren arabera, berriro delituak egin ditu.

Ertzaintza autoan zihoan hirugarren pertsonaren bila ari da, talde delitugilea ikertzen ari den bitartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea