Gizartea -
Epaiketa Bilbon
Santutxuko hilketaren akusatuak errugabea dela errepikatu du
Hilketa 2011ko maiatzaren 26an gertatu zen. 39 urteko akusatuaren hitzetan, epaiketan "beti gizona izaten jakin dudala oso argi geratu da".
Erredakzioa
Adineko gizon bati ustez lepoa moztu eta lapurtu zion akusatuak errugabea dela errepikatu du gaur epaiketan; "nire hiru seme-alabengatik zin dagit, niretzako garrantzitsuenak direlako", adierazi du. Biktimari etxeko lanetan laguntzen zion Bilboko Santutxu auzoan.
Ahozko saioaren amaieran, deliturik egin ez duela eta "beti gizona izaten" jakin duela epaiketan "oso argi" geratu dela esan du 39 urteko akusatu kolonbiarrak.
Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak eskakizunak eta ondorioak berretsi dituzte gaurko saioan.
Hilketa 2011ko maiatzaren 26an gertatu zen. 78 urteko adinekoa hil zuten bere etxean, Bilboko Parroco Unzeta kalean. Sabelaldean sastada eman eta lepoa moztu zion erasotzaileak. Biktimak dirua kutxa batean gordetzen zuen eta kutxa etxetik desagertu zen.
Hilketagatik eta lapurretagatik 25 urteko espetxe-zigorra eskatzen dute akusatuarentzat. Defentsak, ostera, auzipetua aske uztea eskatu du froga faltagatik; izan ere, labana eta ustez lapurtutako diruaren kutxa ez dira agertu.