Gizartea -
Denboralea
Izagirrek instituzioen inplikazioa eskatu du, kalteei 'buelta' emateko
Lehendakariari portu ingurua "lehenbailehen" konpontzeko eta Ministerioekin dituen bileretan inplikazioa izateko eskatu dio, laguntzak eta lanak arintzeko.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak deia egin die erakundeei, asteburuan denboraleak utzi dituen kalteei "buelta emateko". Gainera, Iñigo Urkullu lehendakariari eskaria egin dio portu ingurua "lehenbailehen" konpontzea eta Ministerioekin izango dituen bileretan "modu pertsonalean eta instituzionalean" inplikatzea, laguntzak eta lanak arintzeko.
Izagirrek Onda Vascan eskainitako elkarrizketan esan duenez, "instituzioen inplikazioa benetakoa izatea da beharrezkoena", "beroaldi batean botatzen diren bihotz handiko hitzen gainetik". "Egunak aurrera doazen heinean, jendeak huts egiten du eta ez da betetzen lehen unean esan zutena". "Administrazioen inplikazioa behar dugu horrelakoetan. Lanean gabiltza eta konfiantza osoa dut. Administrazio guztien inplikazioarekin, buelta emango diogu egoerari", adierazi du.
Donostiako alkatea Iñigo Urkullurekin bildu zen astelehenean, eta portu ingurua "lehenbailehen" konpontzea eskatu zion, Jaurlaritzaren konpetentzia baita, eta galdetu zion zein laguntza jarriko dituzten martxan Donostiak "hiriari zein pertsonei dagokienez" dituen beharrei erantzuna emateko.
"Kostalde Ministerioa da kostaldeko gune askoren jabea, eta oso kaltetuta gelditu dira. 'Lagunduko zaituztegu' diskurtsoak ez digu balio. 'Jabea zara eta kalteak konpondu behar dituzu, eta gainera, hitz egingo dugu emango dituzuen laguntzei buruz', hori da behar dugun diskurtsoa", gaineratu du alkateak.