Gizartea -
Ezbehar larria
Gasolio orban batek eragin zuen Itziarreko zirkulazio istripua
Orotara 19 lagun zauritu ziren istripuan, eta horietatik pertsona batek ospitalean jarraitzen du, baina "komatik atera da".
Erredakzioa
Aurrez kamioi baten eta auto baten arteko talkaren ondorioz errepidean zegoen gasolio orban batek, euriak eta abiadura desegokiak eragin zuten pasatu den urtarrilaren 20an Itziarreko Istiña tunelean gertatu zen istripu larria.
Hori izan zen zantzu guztien arabera 29 ibilgailuren talka eragin zuena, Joseba Altube Bide Azpiegituretako zuzendariak Gipuzkoako Batzar Nagusietan azaldu duenez.
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Mugikortasun diputatuak eta Joseba Altube Bide Azpiegituretako zuzendariak Batzar Nagusietako batzorde batean istripuaren kudeaketaren gaineko xehetasunak eman dituzte ostegun honetan. Azaldu dutenez, Bidelanek modu egokian kudeatu zuen istripua, Ertzaintzarekin, suhiltzaileekin eta larrialdi zerbitzuekin elkarlanean.
"Zantzu guztien arabera, aurrez ezbeharraren tokitik 700 metrora gertatutako istripu batean isuritako gasolioak, euriak eta abiadura desegokiak eragin zuten istripua", azaldu du Altubek.
Orotara 19 lagun zauritu ziren istripuan, eta horietatik pertsona batek ospitalean jarraitzen du eta haren egoera larria bada ere, komatik atera da.