Gizartea -

Denboralea

Indarrean da alerta laranja haizeagatik

Larrialdi zerbitzuek bi igerilari erreskatatu behar izan dituzte Kontxan, bat hipotermiarekin. Kursaaleko zubia eta Salamancako Pasealekua berriz ireki dituzte, itxita egon ostean.

Bideoa
Gogor talka egin dute olatuek aste honetan zubi donostiarraren kontra. Irudia: EFE
Asteburuko denboralearen ondotik, ziklogenesi leherkorra

1:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Atlantikotik sartutako ekaitzaren eraginez, haizeari dagokion alerta laranja ezarri dute igande gauerdira arte Hego Euskal Herrian. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak olatu handien arriskuari dagokion alerta laranja ezarri du 21:00ak arte Euskal Autonomia Erkidegoan, eta abisu horia gauerdira arte.

Hego haizea indartsu ibiliko da haize guneetan, eta litekeena da haizeak 100 km/h-ko abiadura hartzea, bereziki, mendi guneetan. Bestalde, haize guneak ez diren guneetan ere, haize ufadek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete.

Valentziatik Loiura zihoan hegaldi bat Iruñera desbideratu dute gaur arratsaldean, haizeagatik ezin izan baitu Loiun lur hartu. Hegazkin horrek Bilbotik Alacantera beste hegaldi bat egin behar zuen, eta hegazkina Iruñean dagoenez, bertan behera utzi dute hegaldia.

Olatuei dagokien alerta laranja dela eta, Donostiako Udalak Kursaaleko zubia itxi du 15:00etan, baina dagoeneko zabaldu dute. Halaber, atzodanik itxita egon den Salamanca pasealekua ere irekita dago.

Bestalde, larrialdi zerbitzuek bi igerilari erreskatatu behar izan dituzte Kontxako hondartzan, biak onik daude, baina horietako bat hipotermia zantzuekin atera dute.

Ziklogenesi leherkorra, astelehenean

Asteburuko denboralea igaro da, baina dagoeneko ate joka daukagu ziklogenesi leherkor bat, 24 ordu eskasetan sortzen den borraska sakona, hain zuzen ere. Fenomeno metereologiko horrek haize indartsua eta euri zaparrada mardulak eragingo ditu.

Astelehenerako eta astearterako alerta laranja ezarri dute olatuengatik

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak olatu handien arriskuari dagokion alerta laranja ezarri du asteleheneko goizeko seietatik aste arteko goizeko seiak bitartean; izan ere, aurreikuspenen arabera, 6 metroko olatuak izan daitezke kostaldean.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, borraska batek Bizkaiko golkoa zeharkatuko du eta eguraldiak txarrera egingo du. Haizeak ipar-ekialdeko ukitua hartuko du eta litekeena da haizeak 110 km/h-ko abiadura hartzea. Horrekin batera, tenperaturak behera egingo du eta elurraren maila ere jaitsi egingo da.

Bestalde, haizeari, elurrari eta olatu handien arriskuari dagozkien abisu horiak ezarri dituzte. Haizeari dagokion abisu horia eguerditik 15:00etara bitartean egongo da indarrean, elurrarena 09:00etatik gauerdira bitartean eta olatuen handien arriskuari dagokiona, gauerditik 06:00etara bitartean.

Nafarroan, haizeari dagokion abisu horia

Kostaldean ez ezik, barrualdean ere haizeak indartsu joko du. Oraindik haizea bare badabil ere, datozen orduetarako 80-90 km/h-ko haizeteak espero dituzte Nafarroan. Gailurretan joko du gehien haizeak, behetan ez horrenbeste.

Haizeak indarra hartzearekin batera, tenperaturak nabarmen egingo du behera eta euria ere egin lezake.

Eguraldiaren iragarpena

Borraska batek Bizkaiko golkoa zeharkatuko du eta, ondorioz, euria egingo du eta kazkabarra ere egin lezake. Haizeak, berriz,  hegotik ipar-ekialdera egingo du.

Bestalde, goizean elurraren maila jaitsi egingo da eta eguerdian 800-900 metroan kokatutako da, eta eguena amaitzerako litekeena da 600 metroraino jaistea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Albisteak Gipuzkoa EAE Denboraleak argazkiak Eguraldia argazkiak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Kantauri itsasoa albisteak