Gizartea -
Errepideko segurtasuna
Ibilgailu tailer ilegalen kopurua hazi egin da Araban
Azken hiru urteetan % 50 igo dira autoen iruzurrezko konponketak egiten dituzten zentroak.
Erredakzioa
Arabako Autogintzako Enpresarien Elkarteak (Adeada) ohartarazi duenez, azken hiru urteetan legez kanpoko konponketa-tailer edo garajeen kopurua % 50 hazi da Araban. Datu honek elkarteko kideen langileen postuak ere kolokan jartzen dituela gaineratu du.
Elkarte honek argitaratutako oharraren arabera, 2010a arte legez kanpoko tailer oso gutxi zeuden, baina 2011n hamabi salaketa jaso zituzten eta 2012an hamasei. Kopuru horrek gora egin zuen 2013an, guztira hogeita lau salaketa jaso baitzituzten.
Adeadaren esanetan, lokal horiek Gasteizein ugaritu dira gehien. Horietako gehienek ez dituzte lan-baldintzak betetzen, eta betebehar administratibo eta fiskalak ere burutu gabe uzten dituzte. Gainerako enpresa legalek baldintza hauek betetzen dituztela gogoratu eta konpetentzia desleial argia egiten dietela nabarmendu dute.
Tailer hauen erabilerak hainbat arrisku eragin ditzakete, konpontze-lanak eta erabilitako materiala bermatu gabe daudelako. Askotan ez dute fakturarik egiten, eta langileak prestatu gabeak izan daitezke.
Iruzurrezko konponketa horiek errepideko segurtasuna ere arriskuan jartzen dutela esan du Adeadak, eta, gainera, "ondorio desatseginak izan ditzakete", ohartarazi du.