Gizartea -
Diputatuen Kongresua
Isilpeko bozketa Kongresuan, abortuaren erreformaz erabakitzeko
Espainiako Gobernuak aurkeztutako aurreproiektuaren kontra egindako proposamena bozkatuko dute. Iraganean egindako isilpeko bozketetan, diputatuek alderdiaren irizpidea errespetatu dute.
Erredakzioa
Diputatuen Kongresuak abortuaren lege erreformaren aurreproiektua atzera bota ala ez erabakiko du gaur isilpeko bozketa batean.
PSOEk aurkeztutako legez besteko proposamena bozkatuko dute, eta sozialistek abortuaren legea aldatzeko saioaren kontra aste honetan egingo dituzten ekimenen artean lehenengoa izango da, Senatuan hiru galdera egingo baitizkiote Gobernuari eta beste bat Kongresuan, asteazkenean.
Diputatuek hautestontzietan sartuko dute botoa, sozialistek bozketa isilpekoa izatea eskatu ostean otsailaren 6an, horrela erreformaren kontra agertu diren PPko kideek alderdiaren irizpidearen kontra egingo dutelakoan.
Kongresuko araudiaren 85.1 artikuluak agintzen duenez, "bozketa publikoa izango da, edo sekretua, talde parlamentarioren batek edo Kongresuaren bostenak eskatuz gero", prozedura legegileen kasuan izan ezik.
Hala ere, iraganean isilpean egin diren beste bozketa batzuetan, Irakeko gerraren edo GALen ingurukoetan adibidez, diputatuek alderdiaren irizpidea errespetatu dute, eta ez da ezustekorik izan.