Gizartea -
Gertakaria
200 kiloko bi kanpai lapurtu dituzte Karrantzan
Urtarriletik udalerrian lapurretak ugaritu dira. Karrantzako Udalak kanpaien balio ekonomikoa eta kulturala azpimarratu du, bata 1915ekoa baita eta bestea 1846koa.
Haizea Olleta | eitb.com
Karrantzako San Martin elizatik berrehun kilo pisatzen zuten brontzezko bi kanpai lapurtu dituzte. Lapurreta atzo gauzatu bazen ere, gaur salatu du Karrantzako Udalak. Udalak eta Ertzaintzak arretaz ibiltzeko deia egin dute, aurreko hilabeteetan udalerrian lapurretak ugaritu baitira.
Lapurrek garabia zuen kamioi bat erabili zuten bi kanpaiak elizatik eramateko. Auzokide batek "mugimendu arraroak" sumatu zituen elizaren inguruan, baina ez zuen inor ohartarazteko astirik izan.
Kanpaien balio ekonomikoaz gain, aipatu ondasunen balio kulturala azpimarratu du Rafa Arriola Karrantzako Udaleko Kultur zinegotziak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Izan ere, kanpaietako bat joan den mendekoa da, 1915ekoa, eta bestea are zaharragoa, 1846koa.
Karrantzan azken hilabeteotan lapurreta kopuruak gora egin duela nabaritu du Ertzaintzak. Arriolak azaldu duenez, lapurreten eragile nagusietariko bat udalerriaren hedadura zabala da. "Oso herri sakabanatua da, baserri asko daude eta adineko pertsona asko bizi dira bertan".
Kanpaiena ez da Karrantzak jasan duen lapurreta bakarra. 2012an, Josep Montserrat Portellak egindako brontzezko estatua lapurtu zuten San Andres elizatik; 300.000 euroko balioa zuen.
Udalak eta Ertzaintzak arretaz ibiltzeko deia egin dute, eta, ohikoak ez diren edo susmagarriak diren mugimenduak ikusiz gero, berehala abisua emateko eskatu dute.