Gizartea -
Denboralea
Alerta laranja ezarri dute ostiral honetarako, haizeagatik
120 kilometro ordutik gorako haize ufadak izan daitezke mendian, babesik gabeko guneetan. Alerta ostiraleko 18:00ak arte izango dute indarrean.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du ostiral honetarako, toki babesgabeetan haize bolada gogorrak izan daitezkeelako. 120 kilometro ordutik gorako haize ufadak izan daitezke, batez ere mendi eremuetan.
Gaur eguerdira arte abisu horia aktibatuta egon da babesik gabeko guneetan. Haizearen eragina Matxitxakon (117,8 km/h) eta Urduñan (111,5 km/h) nabaritu da gehien.
Bestalde, Zaldiaranen 105,8 kilometro orduko haize ufadak izan dira; Ordizian, 87,5ekoak; eta Espejon, 85ekoak.
Ostiral honetan, babesik gabeko guneetan alerta laranja 18:00ak arte egongo da indarrean. Babestutako eremuetan, berriz, abisu horia ezarri dute, 100 kilometro orduko haize boladak espero direlako.
Larunbatean, arreta meteorologikoa itsasoan zentratuko da. Abisu horia aktibatuko dute ipar-mendebaldean, hondoko itsasoaren ondorioz 3,5 metroko olatuak altxatuko direlakoan.